Idiazabalek landa-lurzoruko lursailak topografikoki mugatuko ditu
Udalerriko 13, 14, eta 15. poligonoetako lursailak mugatuko dira. Lur jabeekin bilera egingo da azaroaren 27an, eta lankidetza eskatu zaie.
Idiazabalgo Udalak landa-lurzoruko sailak topografikoki mugatzeko prozesua hasi du. Horretarako, Geograma enpresa kontratatu da, eta datozen hilabeteetan, 13, 14, eta 15. poligonoetako lursailen mugaketa egingo da. Proiektuaren helburua mugetan egon daitezkeen akats posibleak argitzea eta zuzentzea eta mugei eta mugarriei GPS koordenatuak ematea da.
Lursail horien jabeen edo haien oinordekoen landa-ondasunen inguruko ezagutza faltak edo ezjakintasunak, muga horiek nahastea edo besterik gabe desagertzea dakar. Gainera, ondorioz, mendia ez zaintzea eragiten du eta ondorio larriak eragiten ditu landa eremuan.
Egoera honen aurrean, Idiazabalgo Udalak erabaki du landa-lurretan kokatutako 336 hektareako azalera duten 407 lursail baino gehiago mugatzeko lanekin hastea, Geograma enpresaren laguntza teknikoarekin. Landa-lurraren hedadura handia dela eta udalak proiektu honetan daukan erronka handia da. Gainerako poligonoak hurrengo urteetan egingo dira.
Lurjabeekin elkarlana
Lan hauek behar bezala burutzeko 131 jabe baino gehiagoren kolaborazioa izatea ezinbesteko baldintza da, zeinak auzokideekin lursailen mugak eta mugarriak adostu behar dituzten. Lanak egin ostean, markatutako mugak eta mugarrien koordenatuak dituzten planoak entregatuko zaizkie jabeei, behar izanez gero, katastroko mugak zuzenduz.
Idiazabalgo Udalak jabeen lankidetza eskatzen du mugakideekin mugak adosteko, lanak egiteko ezinbesteko baldintza baita. Auzokideen artean adostasunik ez badago, proiektua ezin izango da gauzatu. Jabeen parte-hartzea borondatezkoa da eta ez die gastu ekonomikorik ekarriko. Hori bai, aldez aurretik, mugak garbitu, mugarriak topatu eta mugakideekin mugak adostu beharko dituzte neurketa topografikoak egiteko.
Azaroaren 27an proiektua aurkezteko bilera egingo da Guraso Elkartean.