Kaleko katu-kolonien kontrola hobetzeko baimenak banatuko dituzte
Baimena dutenek bakarrik elikatu ahalko dituzte kaleko katuak. Katuen eta herritarren ongizatea zaintza da neurriaren helburua. Baimena lortzeko Udaltzaingoarekin edo Lau Katurekin kontaktatu behar da.
Beasaingo kaleetako katuak zaindu nahi dituzten boluntarioen antolaketa sustatzeko asmoz, Beasaingo Udalak agiriak banatuko ditu, katu-kolonietako zaintzaile eta elikatzaileak identifikatu eta baimena emateko. EAEko Legea betez, aurrerantzean, baimendutako pertsonek bakarrik elikatu ahal izango dituzte kolonietako katuak. Baimenik ez duen oro zigortu ahal izango da.
Berritasun honekin, Lau Katu Beasainekin lankidetzan, katuak elikatu eta kudeatzeko baimena emango duen agiria eskatu behar dute katu-koloniak zaintzen lagundu nahi dutenek. Horrela, jardunbide egokien konpromisoa hartuko da, katuentzat zein auzotarrentzat onuragarriak direnak. Jardunbide egoki horien artean daude animalia hauek, haientzako propio den katuentzako pentsuarekin elikatzea, etengabe eta higienea zainduz, eta elkartearekin koordinatzea, katu guztiak esterilizatuak izan daitezen eta haien populazioa murriztu dadin, besteak beste.
Kolonien kontrola
Katuak harrapatzeko, esterilizatzeko eta koloniara itzultzeko HEI metodoa, «katuen populazioa murrizteko eta haien ongizatea hobetzeko modu etiko eta eraginkor bakarra da» Udalak azaldu duenez. Katu esterilizatuek belarrian ebaki bat izaten dute antzuak direla adierazteko eta beti jatorrizko lekura itzultzen dira. Elikatzen dituen pertsonak zaintzapean edukitzeaz eta beste zainketa batzuk behar dituzten katu berrien eta katu gaixoen berri emateaz arduratzen da.
Katuak zaintzen lagundu eta agiria lortu nahi duenak Beasaingo Udaltzaingoarekin edo Lau Katu elkartearekin jar daiteke harremanetan.