Zaldizkoak Ormaiztegin
Gipuzkoako zaldi raid txapelketa jokatu duten Ormaiztegin. 43 zaldik hartu dute parte 60 kilometroko lasterketan eta ikusle ugari gerturatu da Antonene eremura.
Gipuzkoako zaldi raid txapelketa jokatu da asteburuan Ormaiztegin, Mutiloako Orue Endurance zaldientzako entrenamendu zentroak antolatuta. Txapelketa 60 kilometroko modalitatean jokatu da, baina beste bi lasterketa ere egin zituzten igandean, 40 kilometrokoa bat eta 80 kilometrokoa bestea. Orue Enduranceko Mikel Etxenikek azaldu duenez, lehenengoz antolatu dute gisa honetako proba bat Ormaiztegin eta «oso ondo» atera zen. Guztira, 43 zaldik parte hartu zuten eta «ikusle asko» gerturatu zen Antonenera.
Zaldi raid-ak iraupen luzeko probak dira «maratoi edo ultra mailako lasterketekin» alderatu daitezkeenak. Lasterketa bakoitza, bete beharreko kilometroen arabera, zatitan banatzen da, adibidez, 40 kilometrokoak 20 kilometroko bi etapa izan zituen; 60koak 20 kilometroko hiru, eta 80koak 30 kilometroko bi eta 20 kilometroko bat. Antonene belarditik aterata ibilbide zirkularra osatu zuten zaldizkoek, bide berdetik Lierni eta Mutiloatik pasata.
Etapa batetik bestera igaro aurretik zaldiek albaitarien kontrola pasa behar dute, «bihotz taupadak zenbatu, hidratazio maila kontrolatu, herrenak dauden edo ez ikusi eta ondorengo etapara pasatzeko egoera onean dauden ziurtatzeko», esan du Etxenikek. Zaldia ondo ezagutzeak berebiziko garrantzia du proba hauetan, «ezin da zaldia gehiegi estutu, gero kontrol hori pasatu beharra dagoelako», zehaztu du.
Gipuzkoan zaletasun gutxi
Gipuzkoan ez da modalitate honetan aritzen den jende asko, «Bizkaian, adibidez, gehiago dira», dio. Gipuzkoako txapelketa Paula Ajak irabazi zuen, S-Shetan zaldiarekin, 4:42:50eko denboran burutu zituen egin beharreko 60 kilometrokoak, batez besteko 12,95 kilometroko abiaduran. 40 kilometrokoan Lucia Domenech-en Pegasus izan zen azkarrena eta 80koan, Sofia Camporen Jon Snow.