Euskararen Eguna presente izango da Legazpiko agendan
Hainbat kultur jarduera egun horren ospakizunaren barruan txertatu dituzte. Jostailu erakusketak, zinema, musika eta dantza ikuskizunak eta ipuin kontaketa izango dira, besteak beste.
Abenduaren 3an ospatzen den Euskararen eguna oso presente izango da Legazpiko kultur agendan. Egunean bertan ipuin kontaketa saio bat egingo dute Udal Liburutegian, baina aurretik eta ondoren izango dira jarduera gehiago.
Hasteko, bihar eta etzi Jolas Molas erakustaldia izango da Kultur Etxeko areto nagusian, 17:00etatik 19:00etara, Euskara eta Kultura sailek elkarrekin antolatuta. Jolaz Molas euskarazko jostailu berrienak eta erakargarrienak gurasoen eta haurren esku jartzen dituen erakusketa bizia da, eta HHko 3, 4 eta 5 mailetako ikasleei eta horien gurasoei zuzenduta dago. Merkatura atera berri diren euskarazko jostailuak erakustea da, erosi edo eskatu aurretik, nolakoak diren, nola jolasten den eta haurrek gustuko dituzten jakiteko. Bi begirale izango dira bertan, eta parte hartzaileei jolasetan nola jolasten den azaldu eta haurrekin jolastuko dira.
Ostiralean, azaroak 29, Azaroan Musika zikloak egingo du bat Euskararen egunarekin, eta Kuttune, euskal folk berria ikuskizuna eramango du Latxartegi Aretora, 20:00etan. Kuttune folk taldea da, bederatzi lagunez osatua, eta Nerea Quincoces perkusionista eta abeslariak zuzentzen duena. Fusio musika egiten du taldeak, hemengo herri musika eta beste folkloreekiko anaitasun kulturala elkartuz, batez ere Afrika mendebaldeko, Ekialde Ertaineko eta Latinoamerikako musika erakutsiz.
Datozen bi igandeetako haurren zinema emanaldietan, bestalde, euskara izango da protagonista, eta aukeratutako bi pelikulak euskaraz izango dira. Igande honetan, abenduak 1, Central Parkeko heroiak botako dute, eta hurrengoan, abenduak 8, Superclaus. Bi emanaldiak 17:00etan izango dira.
Udal Liburutegiak ere jarriko du bere alea Euskararen egunaren ospakizunean, eta abenduko ipuin kontaketa egunez aurreratu, eta Abenduaren 3an egingo du, hau da, asteartean asteazkenean egin beharrean. 180;00etan izango da, Maite Frankok gidatuko du, eta 3 eta 5 urte bitarteko haurrei zuzenduta egongo da.
Hurrengo egunean, abenduak 4, dantza ikuskizuna izango da Latxartegi aretoan 19:30ean, astegun gorri batean, Euskararen eguna gogoratzeko hori ere. Amaraun da ikuskizunaren izenburua, eta amatasunaren inguruko hausnarketa bat kontatzeko musika, kantua eta dantza uztartzen ditu, Oihana Iguaranek eta Amaiur Luluagak egindako gidoiari jarraituz. Gazteei eta helduei zuzendutako emanaldia da, eta sarrera 5 eurokoa izango da.
Eta horiez guztiez gain, Goierri mailan egin den Kirola eta Euskara, 16 urtetik beherakoen kirol jardunaren diagnostiko kualitatiboaren emaitza aurkeztuko zaie herriko kirol taldeei, 18:30ean Kultur Etxeko areto nagusian.