Lore landareak banatuko ditu Legazpiko Udalak asteazkenean
Dragoi begoniak dira, 150 guztira. Udako denboraldikoak dira, herriko lorategietan daudenak, eta negukoak aldatzeko kendu eta herritarrei oparituko dizkie, beste "bizi aukera" bat izan dezaten.
Legazpiko Udalak 150 dragoi begonia banatuko ditu doan, asteazkenean, 12:00etan, udaletxe atzealdean, edo Azokan, eguraldi txarra eginez gero. Udako denboraldiko loreak dira dragoi begoniak, eta udal brigadako langileek kendu egingo dituzte herriko lorategietatik, neguko denboraldikoak landatzeko. Horrela, beste “bizi aukera” bat emango zaie, eta ez orain arte bezala, urtaro aldaketarekin lorategietatik kentzen zituzten landareak Sasietako zabortegira eramaten zituztelako.
Dragoi begoniak, negu garairako ekarri dituzten beste loreen ontzietan sartuta banatuko dituzte, eta horrela loreontzi horiei ere beste erabilera bat emango zaie. Herritarrei poltsa eramateko eskatu die udalak.
Nola zaindu dragoi begoniak
Udalak azaldu duenez, dragoi begoniak zainketa gutxi behar ditu, baina “oso espezifikoak”, urteak irautea nahi izanez gero. Udaberri-udako landarea da, eta neguari aurre egin diezaiokeen arren, ez du 0 gradutik beherako izotzik jasaten eta horregatik, etxe barruan gorde beharko da izozteek irauten duten bitartean.
Ureztatzeari dagokionez, karerik gabeko ura erabili behar da, hau da, euri ura edo edateko ura, eta substratuaren goiko aldean lehor sentitzen denean bakarrik ureztatu behar da, eta ez da komeni lore ontzian edo platertxoan ura uztea. Hostoak edo loreak ez dira busti behar, gaixotasun fungikoak prebenitzeko. Behin neguko denboraldia igarotakoan, arrasean kimatu behar da, kimu berriak ernetzen has daitezen.