Porrotx eta Marimotots pailazoak Ordizian izango dira abenduaren 28an
‘Ostirala iritsi da’ ikuskizun berria aurkeztuko dute Ordiziako Majori kiroldegian, 16:00etan eta 18:30ean. Sarrerak salgai jarriko dituzte bihar bertan Goierriko hainbat herritan eta Internetez. Ordiziako Jakintza, Lazkaoko San Benito eta Beasaingo Andramendi ikastolek antolatutako ekitaldia da, Lapurdiko Urruña eta Ziburuko ikastolarekin eta kolegioarekin elkarlanean.
Aurten ere ez dute hutsik egingo Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore pailazoek. Ordizian abenduaren 28an dute hitzordua, Majori kiroldegian. Ohi bezala, bi saio egingo dituzte: 16:00etan eta 18:30ean. Sarrerak bihartik aurrera jarriko dituzte salgai, hamar euroan, Ordizian, Lazkaon, Beasainen, Seguran, Idiazabalen, Zaldibian eta Itsasondon. Internet bidez erosteko aukera ere izango da.
Ohi bezala, duela 28 urteko ildo beretik, Ordiziako Jakintza, Lazkaoko San Benito eta Beasaingo Andramendi ikastolek antolatutako ekitaldia da, Lapurdiko Urruña eta Ziburuko ikastolarekin eta kolegioarekin elkarlanean. Eta ohi bezala, pailazoen jaialdian biltzen den dirua Urruña eta Ziburuko ikastolentzat izango da. Izan ere, «ikastolek bere sorreratik dute elkarlaguntza eta herritartasuna ezaugarri», diote antolatzaileek.
Eta ohi bezala, ikuskizun berriarekin etorriko dira Porrotx eta Marimotots pailazoak Ordiziara, Ostirala iritsi da ikuskizunarekin. Hori bai, «ikasturte honetan Katxiporretak eskainiko duen ikuskizunean ez da Aiora Zulaika Soroa Pirritx arituko, atsedenaldia hartuko baitu. Abentura berri honetan, urterokoaz gain, artista berri bat taularatuko da taldearekin, Joanes [Etxebeste] hain zuzen ere», diote.
Ikuskizun berria, Txapas irakaslearen azken laneguna izango da. «Harekin bizitako abenturak eta ikasitako gauza polit guztiak ospatzera datoz Pupu, Lore, Porrotx eta Marimotots herriko lagunekin batera. Basoa, jolasak, eskulanak, kantuak, irriak eta bihurrikeriak ez dira faltako. Txapasekin beti da ostirala!». Txapasen zein Imanol Urbietaren kantuek presentzia berezia izango dute.
- Ordizian: Jakintza ikastolako Villa Eugenia eraikinean eta Majori kiroldegian, abenduaren 3an eta 4an, 17:00tatik 18:00etara, eta ondoren, agortu arte, Majori kiroldegian.
- Beasainen: Andramendi ikastolan abenduaren 3an eta 4an. Handik aurrera, Antzizar tabernan (Igartza Oleta, 8. zenbakian).
- Lazkaon: Gerriko liburudendan.
- Seguran: Elorripe tabernan.
- Itsasondon: Kaxintane tabernan.
- Zaldibian: Joxepane tabernan.
- Idiazabalen: Guzta dendan.
- Online: Kutxabanken webgunean, abenduaren 3tik aurrera.