Legazpiko erakusleiho lehiaketan 18 partaide daude aurten
Legazpiko Udalak antolatu du, eta herritarrak animatu ditu erakusleiho onena aukeratzera. Bozka ematen dutenen artean 100 euroko saria banatuko du.
Legazpiko 18 denda eta zerbitzu ari dira parte hartzen udalak antolatutako Gabonetako erakusleiho lehiaketan, eta hilaren 17ra arte irekita dago herritarren sarirako bozka emateko epea. Udalaren www.legazpi.eus webgunean eman behar da bozka, edo udaletxeko HAZan. Bozkatzen dutenen artean 100 euroko erosketa txartela zozkatuko dute.
Arantzazu optika, Arku arropa denda, Attiko diseinua, Betieder estetika, Didare mertzeria, Hegialde botika, Kabutzia arrandegia, Laga tindategia, Maitia haru moda, Mimaru lore denda, Oskarbi optika, Sorgin Orrazi ile apaindegia, Laubideko Sustrai ruta, Nafarroa kaleko Sustrai, Tximak ile apaindegia, Urtzelai oinetakoak, Xaloa estetika eta Zuzen Zerbitzu grafikoak ari dira parte hartzen, eta guztiek kartel bat dute jarrita, partaide direla adierazteko.
Erakustaldia urtarrilaren 6ra arte luzatuko da, eta sariak hilaren 19an banatuko dituzte. Lau sari banatuko dituzte: irabazleak 500 euro jasoko ditu, bigarrenak 300 euro, hirugarrenak 200 euro, eta herritarren saria 200 eurokoa izango da; guztiek plaka bat ere jasoko dute.