Legorretako Gazte Piku gaztetxeak 20. urteurrena ospatuko du
Bihar eta etzirako egitaraua prestatu dute. Belaunaldi berriak erakarri nahi dituzte Gazte Asanbladara.
Gazte Piku gaztetxeak 20 urte bete ditu eta urteurreneko ospakizunetan murgilduko dira Legorretako gazteak asteburuan. Bihar, 23:00etan, futbolin txapelketa izango dute Herri Antzokiko Unidad Alavesa taldearen kontzertua amaitu ondoren, eta larunbatean, 18:30ean Karropoteoa eta 23:00etan, kontzertua, Mehatxuka taldearekin eta Ebapo disko jartzailearekin.
Urteurren borobila bete du Legorretako gaztetxeak, nahiz eta Gazte Asanbladako kideen esanetan, egoerarik edo «momenturik onenean» ez den iritsi. Uda partean gaztetxean erabiltzaile gehiago izaten bada ere, «lanerako orduan kide gutxi ibili izan gara Gazte Asanbladan».
Hala ere, lanean jarraitzeko «motibatuta» daude, «jende gaztea gerturatzen ari delako, eta elkarlana» badagoelako. «Adibidez, gazte festetan laguntza dezente behar genuen gauzak muntatzerakoan, eta idatzi genien gaztetxea udan erabili zutenei ea ahalko ziguten lagundu, eta lagundu ziguten muntaian eta desmuntaian. Oso eskertuta gaude. Argi dago etorkizunari begira gazteen arteko elkarlana indartzea ezinbestekoa dela. Gazteen indarrik gabe ezin da gaztetxe bat benetan aurrera eraman».
Beraz, belaunaldi berriak Gazte Asanbladara gerturatzea ezinbestekoa da, adin tarte desberdinen erreleboa ziurtatzeko, eta gaztetxeak bizirik irauteko.
Argi dute «bertan elkarrekin antolatzeko eta elkarrekin parranda ederrak botatzeko toki aproposa» dela gaztetxea. «Eta gaztetxeari esker, ikusi dugu herriko adin desberdinetako gazteen artean harremanak bultzatu ditugula. Horrez gain, eguraldi txarra egiten duenean gaztetxea oso toki aproposa da gaztetxea bertan lasai eta goxotasunean egoteko. Gaztetxeak xarma hori ematen dio herriari».