'Aromak' musika ikuskizunerako sarrerak salgai daude
Legazpiko Latxartegi aretoan egingo dute hilaren 11n, Asier Polok, Marta Zabaletak, Edurne Zabalok eta Gorka Hermosak, Blanchard Strings taldearekin batera. Xegun Altolagirre narratzaile lanetan arituko da.
Asier Polo biolontxelistak, Marta Zabaleta piano jotzaileak, Edurne Zabalo klarinete jotzaileak, Gorka Hermosa akordeoi jotzaileak eta Blanchard Strings soka taldeak Aromak musika ikuskizuna sortu dute, eta Legazpin aurkeztuko dute datorren asteko larunbatean, urtarrilak 11, Latxartegi aretoan, Xegun Altolagirre narratzaile lanetan ondoan dutela. Bi emanaldi egingo dituzte, bata 13:00etan eta bestea 19:00etan, eta sarrerak salgai gaude 15 euroan, honako webgunean: https://latxartegisarrera.sacatuentrada.es/.
Legazpiko Udalak Txillidaren jaiotzaren urteurrena ospatzeko antolatu dituen ekitaldien barruan kokatzen da Aromak
Punta-puntako musikariak dira ikuskizunaren protagonistak, eta tartean legazpiarrak daude, Zabaleta pianista eta Zabalo klarinetista, hain zuzen. Altolagirre narratzailea ere Legazpikoa da. Hermosa, gainera, Zumarragakoa da. Musikari horiek, Blanchard Strings soka taldeak eta Altolagirrek bat egin zuten Latxartegin 2023ko abenduan eskaini zuten Aztarnetan ikuskizunean. Oraingoan, Asier Polo elkartu zaie.