Ohiko osagai guztiekin, Astotxo Eguna bueltan da
Igandean ospatuko dute Lazkaon Eguberriak bukatzeko Astotxoaren festa herrikoia. Denera, 140 asto inguru espero dira, iaz baino dezente gehiago. 'Egiptorako ihesa' antzezlana ere egingo dute.
Hiru urtetan kale egin ostean, iaz berreskuratu zuten berriz ere Astotxo Eguna Lazkaon, eta aurten ere, ohiko osagai guztiekin egingo dute lazkaotarrek Astotxoaren festa, Eguberri aldiari amaiera emango dion jaia, igandean. Ohi bezala, festa giroa sumatuko da Lazkaon, eta Zawopi elkartea arduratuko da Egiptorako ihesa antzezteaz. Aurrez, Gipuzkoako Enkarterri astoaren lehiaketa egingo da, plazan.
Asto lehiaketa
Ospakizun honek 1652an du jatorria, eta oraindik ere, bere horretan jarraitzen du. Antsoategik eta Gipuzkoako Astozale Elkarteak ere igandeko festan euskal asto arrazaren aldeko lanean jarraituko dute. Goiz eresia eginez emango diote hasiera egunari, txistulari, trikitilari eta joaldunekin, eta lazkaotar orok izango du astozain gisa, sokatik asto bat eramanez, kaleko desfilean parte hartzeko aukera. Horretarako, goizeko 09:00ak baino lehen, udaletxeko arkupean egongo den mahaian izena eman beharko dute.
Eguerdi aldera, euskal asto arrazaren Gipuzkoako 23. Lehiaketako irabazleak sarituko dituzte, asto ar eta eme dotoreenak aukeratu ostean. Denera, 140 asto inguru espero dira, iaz baino dezente gehiago. Gehienak, 80 bat inguru, Gipuzkoako Astozale Elkartean erregistratutako Euskal Arrazako astoak dira, eta beste 30-35 bat asto, berriz, gazte aitorpen hori lortu asmoz eramango dituzte igandeko jaira.
Lehiaketari dagokionez, lau kategoriatan lehiatuko dira astoak: asteme gazteak (30 hilabetetik behera); asteme helduak; astar gazteak (36 hilabetetik behera); eta astar helduak. Garaikur moduan, zintzarri bana, 150 euro eta barazki sorta emango zaie astozainei.
‘Egiptorako ihesa’
Azken 30 urteetan bezala, aurten ere Zawopi elkartea arduratuko da antzezlana aurrera eramateaz. Herritarren partaidetzan eta antolakuntza-taldearen arnasberritzean oinarrituta, Lazkao Txiki Zelaian taularatuko dute beste urte batez Egiptorako ihesa antzezlana, eta 150 herritar inguruk parte hartuko dute Jesus, Maria eta Joseren asto gaineko ihesaren, Herodesen dekretuaren eta haurren harrapaketaren antzezpenean.
Egiptorako ihesaren aurretik egin ohi zen haurrentzat bideratutako Astotxo Txikia antzezlana, iazko urtean kentzea erabaki zuten antolatzaileek eta aurten ere ez da egingo.
Astoa protagonista
09:30ean asto diana egingo dute, plazatik abiatuta herrian zehar; 11:00etan mojetan meza nagusia egiteaz gain, Enkarterrietako Astoen kalifikazioak banatuko dira, ondoren festaz gozatzeko tarte bat irekita, salda beroaz lagundutakoa; 12:30ean, berriz, Enkarterrietako Astoaren Gipuzkoako 24. lehiaketa egingo dute; eta, 13:00etan, azkenik, Egiptorako ihesa antzezlana. Astoa izango da protagonista nagusia beste urte batez Lazkaon Eguberriei agur esateko balioko duen egunean.