Udalak 14 milioi eurotik gorako aurrekontua du aurtengo urteari aurre egiteko
2025erako diru kontuak abenduaren amaieran onartu zituen udalbatzak. EAJk eta sozialistek alde bozkatu zuten, EH Bilduk eta Legazpiko Berdeek, aurka.
Legazpiko Udalak 14.336.905 euroko aurrekontuarekin heldu dio urte berriari. Abenduaren 20an egindako udalbatzan onartu zituzten 2025erako diru kontuak. EAJko eta PSEko ordezkariek alde bozkatu zuten, eta EH Bildukoek eta Legazpiko Berdeak taldekoak, aurka.
Aurreko urteko aurrekontuaren aldean, %10 igo da aurtengoa. Legazpiko Udalak inoiz izan duen aurrekonturik altuena da. Zorpetze datua %0,63koa da, hau da 90.000 eurokoa, eta aurrekontuen azalpena egin zuen Amaia Aizpurua arloko zinegotziak adierazi zuenez, horrek erakusten du udalak «egoera saneatua» duela.
Diru sarreretan hiru multzo nabarmendu zituen. Sarrera handiena Foru Aldunditik dator, %52 izatea aurreikusten dute, hau da, 7,4 milioi eurokoa. Bigarren multzoa zerga eta tasetatik dator, eta horien artean, besteak beste, hiri eta landa ogasun higiezinen gaineko zergarekin 1,36 milioi jasoko ditu udalak, eta ibilgailuei aplikatzen zaien zergatik, 700.000 euro. Zaborraren tasengatiko sarrera, berriz, %20 igoko da.
Gastuak, arloz arlo
Gastuen kapitulua hiru arlotan banatu du udalak, eta ia 14 milioi eta erdi horietatik, Herritarren arloak kopuru osoaren %43 jasoko ditu, hau da, 6,1 milioi euro, % 39a Lurralde arloak (5,5 milioi euro), eta %18a (2,5 milioi euro) Antolaketa arloak.
Herritarren arloan hainbat programa jaso dituzte, eta gizarte zerbitzuena da handiena, 2,4 milioi euroren partidarekin. Partida horren barruan sartzen da Gizarte Zentroaren teilatua konpontzea eta Ezkurrenean etxebizitzak egiteko espazioa egokitzea. Azken inbertsio horretarako Foru Aldundiaren diru laguntza eskatuko dute.
Kirolen partida da Herritarren alorreko bigarren partida handiena, 1,45 milioi eurorekin. Honetan, Aktibatu Legazpi egitasmoa eta kirol orientazio zerbitzua martxan jartzea dira proiektu nagusiak, kiroldegian gimnasio berria eraikitzearekin batera.
Kulturaren alorrerako %10,8ko igoera aurreikusi dute, izan ere, 2025ean herriko hainbat kultur elkarteren urteurren garrantzitsuak izango dira: Sustraiak dantza taldearen 50. urteurrena, La Bellota Esxtremadurako kultur elkartearen 30. urteurrena, eta Marian Lasaren 30. urteurrena Santikutz abesbatza gidatzen. Gainera, Oholtza Bete Bihotz ekitaldiak eta kulturen arteko egunak bigarren edizioa izango dute aurten.
Euskararen programak ere igoera nabarmena izan du, %25ekoa, eta euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko plana abian jarriko dute. Bestetik, herriko ikastetxeen kezkari erantzunez, kanpotik datozen ikasleei hizkuntza errefortzu eskolak eskainiko dizkiete.
Bestetik, herriko merkataritza bultzatzen jarraituko dute.
Eta turismoaren alorrean Txillidaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko egitarauari amaiera emango diote, eta asteburuan eskaini duten Aromak ikuskizunaren ondotik, jaialdia egingo dute martxoan herriko kultur elkarte guztiekin.
Lurraldean 5,5 milioi
Lurraldea arloaren 5,5 milioi euroko partidatik 1,2 milioi euro paper fabrika zenaren lursaila erosteko izango dira. Udal Gobernu Taldearen helburua da eremu hori egokitzea herriko etxebizitza eskariari erantzuteko.
Arlo honetako beste proiektu garrantzitsuak dira Latxartegiko parkearen berrantolaketa, Aizkorri kaleko berrikuntza eta Urtegialde inguruan, Urtatzako arazoari irtenbidea emateko, aparkaleku bat egokitzea.
Garapen iraunkorrak eta trantsizio energetikoak ere izango dute lekua 2025eko aurrekontuetan, eta %9,57 igo da partida. Besteak beste, amiantoaren erroldaren hirugarren fasea egingo dute, eta Klima eta Energia planarekin jarraituko dute.
Amaitzeko, hondakinen kudeaketaren gaian, auto-konpostatzeari bultzada emango diote, eta hondakinak biltzeko guneak egokituko dituzte. l