Lezoko Lur Lacastak eta Ane Perezek irabazi dute Gipuzkoako aurresku txapelketaren lehen saioa
A eta B saileko dantzarien lehen kanporaketa jokatu dute Legazpin, Sustraiak taldeak eta udalak antolatuta. Nora Escudero eta June Osinalde legazpiarrak bigarren eta hirugarren geratu dira B sailean.
Lezoko Lur Lacasta Davila eta Ane Perez dira atzo goizean Legazpin abiatu zen aurresku txapelketako lehen saioko irabazleak. Gipuzkoar erako aurresku txapelketaren zazpigarren edizioa da hau, gazteen mailakoa, eta Legazpin hasita, maiatzera arte luzatuko da. Ligaxka eran jokatzen ari da, dantzarien adinaren arabera hiru sailetan banatuta: A saila (7-10 urte); B saila (11-13 urte) eta D saila (14-15 urte).
Legazpiko saioa txapelketako A eta B saileko lehen kanporaketak zen, eta Latxartegi aretoan jokatu zen, Sustraiak dantza taldeak udalarekin elkarlanean antolatuta. 25 dantzarik parte hartu zuten, eta Goiz Deia txistulari bandak jarri zuen musika.
Lacastak B sailean irabazi zuen, eta hurrengo bi sailkatuak Legazpiko Nora Escudero eta June Osinalde izan ziren; Escuderok, gainera, lehen legazpiarraren saria jaso zuen. Sail honetako irakaslearen saria Mikel Esnaolak jaso zuen Perez lezoarrak B sailean irabazi zuen, eta Amaiur Iturbe eta Irati Perez herrikideak izan ziren bigarrena eta hirugarrena; lehen legazpiarrarentzako saria Sara Escuderok jaso zuen. A saileko irakaslearen saria Nahia Pikabearentzat jaso zuen.
Legazpiar gehiago ere ari da parte hartzen txapelketa honetan, B sailean, hain zuzen: Araitz Mantxola eta Nora Lafuente. Horiek ere lan ona egin zuten atzoko saioan.
Epaile lanetan Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko kide diren Idoia Besada, Katerin Artola eta Irati Olaizola legazpiarra aritu ziren.