Maria Jesus Asurmendiren lanak daude ikusgai Joan Kruz ileapaindegiko erakusketa berrian
Zumarragako margolariak otsailera arte erakutsiko ditu bere akuarelak eta collageak, Joan Kruz Fernandezek gonbidatuta.
Erakusketa berria jarri du ikusgai Joan Kruz Fernandezek Legazpiko Kale Nagusiko Joan Kruz ile apaindegian. Oraingoan, Maria Jesus Asurmendi Agirre artista zumarragarraren akuarelak eta collageak aukeratu ditu, eta otsailaren amaierara arte erakutsiko ditu. Erakusketa berriak Baga, biga higa. Hiru bazter desberdin, zirrara bakarra du izenburua.
Ezaguna da Goierrin Asurmendi margolaria, hainbat eta hainbat erakusketa egin dituelako aurretik, taldean zein bakarka. Txikitan hasi zen margotzen bere kasa artista zumarragarra, eta 17 urte zituenean, 1991ean, Felix Vaquerizaren eskolan sartu zen. Ordutik, ibilbide luzea egin du margoaren munduan. Begoña Idiakezekin jarraitu zuen ikasten, eta aurrerago, hainbat pintura ikastarotan parte hartu zuen, lehenik Abdon Juaristi margolari bergararrarekin, eta Julian Ugarte zarauztarrarekin gero, Zumaiako Zuloaga museoan. Gaur egun jarraitzen du formazioarekin, Urretxuko arte eskolan, Aitor Etxeberria maisu duela.
Margotzen duena erakustea gustatzen zaio Asurmendiri, eta besteak beste, Zumarragako Itarte etxean eta kultur etxean, Urretxuko Juan de Lizarazu aretoan, eta Beasaingo Igartza jauregian erakutsi ditu bere lanak.