Latxartegi parke ingurua berritzeko herritarren partaidetza eskatu du udalak
Parte hartze prozesua du irekita, eta ostegunean, legazpiar guztiei zuzendutako bilera egingo dute. Juntura Kooperatiba ari da gidatzen prozesua.
Latxartegi ingurua biziberritzeko Legazpiko Udalak duen proiektuak pauso berria emango du ostegunean, herritar guztiei zuzendutako bilerarekin. Kultur Etxean izango da, 18:00etan.
Proiektuaren garapena Juntura Kooperatibaren laguntzarekin gauzatzen ari diren parte hartze prozesu batean dago oinarrituta. Iazko irailean ekin zioten bi erakundeek “Latxartegi inguruaren etorkizuna irudikatzeko prozesuari, ilusioz beteta”. Haren helburua “legazpiarrontzako hain garrantzitsua den eremu hau biziberritzeko ideiak elkarlanean jasotzea” zen, eta horretarako,hurrengo hiru hilabetetan saio ugari antolatu zituzten, besteak beste, udal langileekin, nerabeekin, auzotarrekin, inguruko ekipamenduetako arduradunekin, nagusiekin eta emakumeekin.
Saio horietan parte hartutako herritarren aldetik jasotako “nahiak, beharrizanak, ekarpenak eta ametsak entzun, bildu eta antolatu ondoren, planteamendu orokor bat marraztu dute”, eta “orain da momentua plazaratzeko”. Osteguneko saioak proposamena azalduko dute, “guztion artean lantzeko”. Saioa irekia da, eta “guztien parte hartzea ongietorria izango da, iritzi eta ekarpenen aniztasunak etorkizuneko Latxartegi ingururako egingo den proposamena aberastuko duelako”.
Udalak gogoratu du parte hartze prozesu honen emaitza Latxartegi ingurua berriz urbanizatzeko proiektuaren oinarria izango dela.
Proiektu hori 2025 urtean zehar idaztea programatuta dute, eta aurrekontu handia izango duenez, datozen urteetan fasetan zatituta gauzatuko da.