Altxa Burua Legazpi taldeak bilera deitu du astelehenerako
Pantailen gehiegizko erabileraz kezkatutako legazpiarren taldeak atzo Maitane Ormazabalek gaiaren inguruan egindako hitzaldia baloratu nahi du. Kultur Etxean izango da bilera, 18:00etan.
Haur eta nerabeen artean mugikorren erabilera arduratsua sustatzeko asmoz udalak, ikastetxeek eta familiek sortutako Altxa Burua Legazpi taldeak bilera deitu du datorren astelehenerako, hilak 27. Kultur Etxean izango da, 18:00etan.
Bilera horretan, atzo pantailen erabilerari buruz Maitane Ormazabal adituak egin zuen hitzaldiaren balorazioa egingo dute, besteak beste. Kultur Etxeko areto nagusia goraino bete zen Ormazabalen hitzaldirako, eta bertan elkartutakoek gazteenak mugikorren erabilera goiztiarrarekin lotutako arriskuetatik nola babestu ezagutzeko bidea izan zuten.
Hitzaldi arrakastatsu honen ondotik jarduera gehiago antolatu nahi ditu Altxa Burua Legazpik, eta datorren asteleheneko bileran zehaztuko dituzte batzuk. Gainera, urtarrilaren 31n Azpeitian egingo den Altxa Burua Gipuzkoa mugimenduaren seigarren topaketan parte hartuko duen ordezkaritza aukeratuko dute bertan.