Harri margotuen terapia
Itsasondon sorkuntza tailerren egitasmoa jarri dute martxan eta lehenengoa Laura Arroyok emango du, harri margotuena. Terapia izan da Arroyorentzat harriak margotzea. Lortutako dirua, elkartasun ekintzetarako erabiltzen du.
Harriak margotzea terapia izan da Itsasondoko Laura Arroyorentzat. «Emozionalki gaizki» sentitzen zen garaian, estresak eragiten zion antsietatea gainditzen lagundu baitzion. «Sendatzen eta hobeto sentiarazten lagundu dit». Bizitzako momentu hark, bizitza aldatu dio pixkanaka. Ostegunean, Itsasondoko lehen sorkuntza tailerra emango du.
Eskulanak betidanik gustatu izan bazaizkio ere, etxean haurrekin egiten zituenetik harago sekula ezer ere egin gabea zen Arroyo. «Baina beti arreta deitu didate artisautza lanek, bertakoak…». Interneten zebilela, harri margotuak ikusi zituen eta orduan sortu zen Arroyo eta harri margotuen arteko harremana.
Errotulagailu akrilikoak
Lehenengo probak egiten hasi zen ibaian eta itsasoan harri batzuk hartuta. «Hasieran ez zitzaidan batere gustatzen nola geratzen zitzaizkidan, baina ikusten nuen lasaitasuna transmititzen zidala». Instagrametik bati eta besteari galdetuz jakin zuen errotulagailu akrilikoak behar zirela emaitza hobeak lortzeko. «Ez dira merkeak, baina kalitatea ona da eta emaitza ere bai». Emaitzak ere Arroyok nahi bezalakoak ziren. «Pintatzen hasi nintzen, gero eta gehiago gustatzen zitzaidan, eta ikusten nuen ondo zihoakidala, asko gozatzen nuen».
Instagramen perfil bat sortu zuen, @mispiedritas_norvik, egiten zuena ezagutarazteko. «Harriak margotzen erabat deskonektatzen dut eta oso ondo sentiarazten nau». Lanean baja hartu zuenean, «asko margotzen» hasi zen eta 85 publikazio ditu dagoeneko Instagramen.
Lau arlo
Harri guztia kolore bakarraz margotzen du lehendabizi eta ondoren joaten da irudia osatzen. «Kolore batek bestea estaltzen du. Gaizki egindakoan nahiko erraza da zuzentzea». Hori bai, «pultsu ona» eduki behar dela dio. Amaieran, barniz akrilikoa ematen die, pinturak denbora gehiagoan iraun dezan.
Lau arlotan laburbildu daiteke Arroyoren lana. Batetik, kaktusak margotzen ditu eta loreontzietan jarri. «Oso ondo geratzen da dekoratzeko». Bestetik, mihiseak egiten ditu. «Handiagoak dira. Atrilean jartzen ditut eta dekoratzeko ere oso politak geratzen dira». Hirugarrena, haurrei zuzendutakoa da. «Hiruko jokoa, harri ipuin kontalariak… Harritxo tematikoak ere bai: frutak, barazkiak, Harry Potter…». Eta azkenik, imandun harritxoak ere margotzen ditu, hozkailuan jartzeko.
Itsasondon azaroan egindako talo egunean postua jarri zuen Arroyok harriak saltzeko. Lortutako diruaren erdia eskolako Guraso Elkartearentzat izan zen eta beste erdia materiala ordaintzeko. Olentzerori ere gustatu eta Olentzerok ere erosi zituen harri batzuk, eta kasu hartan lortutako dirua Palestinaren aldeko Salam Gaza elkartearentzat izan zen. «Urtarrilean eta otsailean lan egin eta Salam Gaza elkarteari emango dizkiot harriak beraiek saldu ditzaten. Lortzen duten diru guztia beraientzat izango da», aurreratu du.
Oraingoz zaletasuna da Arroyorentzat, baina denborak esango du zertan bilakatzen den. «Ondorioa da, pertsona bat ondo sentitzen ez denean gauza oso politak atera daitezkeela. Nire kasuan horrela izan da. Ikasgai hori ikasi dut eta ikusi dut adierazteko forma bat dela, laguntzen didana eta oso polita dena».
Ikastaroa
Hiru sorkuntza ikastaro antolatu dituzte Itsasondon eta lehenengoa [etzi] Arroyok emango du. Bigarrena belarritakoena izango da Emma Arrondoren eskutik, eta hirugarrena, biohondakinena Organicstudio-k emandakoa.