Legazpiko bola jokoan badator erreleboa
Danantzako klubeko bolari beteranoak pozik eta lanpetuta dabiltza azken hilabeteetan, bolatan ikasteko gogoz dauden hiru herritarri erakusten.
Legazpi erreferente da bola jokoan Gipuzkoan. Txapelketa eta sari ugari irabazi dituzten bolariak eman ditu, udal bolatokia du herri erdi-erdian, eta kirol hori bultzatzen duen Danantzako kluba indartsu dago.
Baina bolari legazpiarrak kezkatuta daude errelebo faltarekin. Azken hilabeteetan, ordea, bolatan ikastera hurbildu zaizkie herritar batzuk, eta ilusioz bete dira berriz ere. Jokalari beteranoek eskolak ematen dizkiete bolatan behar bezala ikasi dezaten. Ostegunetan elkartzen dira Mauleon hotelaren ondoko herri bolatokian, 18:30ean.
Familia giroko zaletasuna
Juan Pedro Agirre da klubeko bolari beterano eta irakasle horietako bat. Legazpin bolatarako zaletasun handia beti izan dela nabarmendu du, bereziki Brinkolan. «Brinkola izan da bolari askoren sehaska. Bola jokoan familiek dute garrantzi handia, eta Brinkolatik Azarolatarrak edo Ugartetarrak aipatu behar dira, Legazpiko Uribetxeberriatarrak eta Ezkioko Ugarteburutarrak bezala». Lehen familia giroan jasotzen zen bolatarako zaletasuna, «baina hori galdu da», eta orain geratzen diren bolariak zaletasun hori transmititu nahian ari dira.
Bost bolari federatu ditu gaur egun Danantzakoak: Agirre bera, Juan Mari Iñurritegi, Jon Orikain, Jose Luis Agirre eta tokan ere badabilen Jose Antonio Calvo urretxuarra. Denak gizonezkoak dira, nahiz eta emakumeentzat ere ateak irekita dituzten. «Ez dugu lortu emakumerik erakartzea, beste herrietan bezala».
Bolatokiak, berriz, hiru daude: herrikoa, Brinkolakoa eta Telleriartekoa, baina azken hori ez dago erabilgarri.
Aktibatu Legazpi
Bola jokoa «hil zorian» ikusten zuen Agirrek Legazpin, udalak sortutako Aktibatu proiektuari esker bolari berriak iritsi arte. «Gure kirol hau desagertzera zihoan, eta herriari zerbait planteatu nahi genion hori ez gertatzeko. Aktibatuk eman zigun horretarako aukera». Aktibatu Legazpi udalak herriko kirol klubekin eta beste hainbat eragilerekin martxan jarritako egitasmoa da, eta besteak beste kirolaren bidez, herritarren ongizatea eta osasuna sustatzea du helburu. Iazko irailean Aktibatu Astea egin zuten, eta bertan jasotako jardueren artean, bola jokoaren inguruko hitzaldia eta erakustaldia eta praktikatzeko aukera programatu zituzten.
Bertan parte hartuta, Daniel Izagirre Itsaso-k, Kasi Bezunarteak eta Enrique Martinek ikasteko interesa agertu zuten. Gainera, ikastolak ere azaldu du ikasleekin bola jokoa lantzeko asmoa, eta Gaztetxearekin harremanetan daude bolariak, «txapelketa herrikoi bat antolatzeko».
Hiru ikasleak
Bolari berriak beste kirol batzuetatik datoz. Izagirre Ilintxa futbol klubean nahastuta dago, entrenatzaile gisa. Bezunartea eskubaloi jokalaria izan da, duela gutxira arte La Salle klubean. Eta Martin korrikalaria da, Goierri Garaia atletismo klubeko kidea. Bolatan, praktikatzeko beste kirol bat aurkitu dute.
Izagirreren aita bolaria zen, eta berak ere tiraldi batzuk egin zituen Muruko bolatokian. Aktibatu programarekin, berriz botatzeko aukera izan zuen, eta ordutik dabil bolatokian, gazte garaiko tiraldi haietatik «50 urte eta gero».
Bezunarteak ere Muruko bolatokiko giroa gogoratzen du, eta beti izan du probatzeko gogoa. Aktikatuk eman zion horretarako aukera, plazan egindako erakustaldi eta probaldi hartan. Probatu, eta gustatu, eta ordutik, ostegunero elkartzen da bolari beteranoekin kaleko bolatikoan. «Kirol dibertigarria da, baina badu bere zailtasuna ere».
Martinek dioenez, «harrapatu» egin du kirol horrek. «Ematen duena baino zailagoa da, nahiko teknikoa da, eta besoaren mugimendua, gorputzaren jarrera… zaindu behar dira. Egunen batean lehiatu nahiko nuke». Kirol mota honekin zaletu egin da, eta gainera, herriko beste klub bat laguntzen ari dela dio.