Loak musika taldeak 'Bi ertz' diskoa kaleratu du
Legazpiko musikariak lanaren aurkezpen biran daude murgilduta. Herrian bertan dute hurrengo kontzertua, otsailaren 13an, Karibe Zaharra tabernan.
Laster bi urteko ibilbidea egingo dute Loak taldeko musikari legazpiarrek, eta lehen lau lanak jasotzen zituen EP-aren ondoren, disko bat ere kaleratu dute. Bi ertz du izenburua lan berriak, zortzi abestiz osatuta dago, eta salgai dago CD formatuan.
Musikari legazpiarrek hasi dute diskoa aurkezteko kontzertu bira, eta pasa den asteburuan Tolosako Bonberenea aretoan jo eta gero, Legazpin bertan dute hurrengo hitzordua, otsailaren 13an, Karibe Zaharra tabernan.
Grabaketa eta salmenta
Jose Llamazares gitarra jotzaileak, Edu Gil gitarra jotzaile eta abeslariak, Asier Diez baxu-jotzaileak, Txutxin Calvo saxo-jotzaileak eta Joxe Arizkorreta bateria-jotzaileak osatzen dute Loak. Pop-rock estiloa jorratzen dute, euskaraz abesten dute eta hasieratik sortu dituzte abesti propioak. Lehenengo lau, eta gero gehiago, orain kaleratu duten diskoa osatu arte. Mutrikuko Ame estudioan grabatu dute, Axular Arizmendirekin.
Loak taldekoek musika eta ahotsa jarri dute, eta Arizmedik grabaketa, ekoizpena eta nahasketak egin ditu. Gainera, hainbat kolaboratzaile izan dituzte: Ander Martinez pianoarekin, Mikel Gordoa ‘Fuxi’ harmonikarekin, eta Sergio Muñoz biolinarekin.
Bi ertz Kukue, Gurrutxaga, Karibe Zaharra, Urbeltz, Laubide eta Aitxuri taberna eta jatetxeetan dago salgai, 10 euroan, loaktaldea@gmail.com helbidera idatzita ere eros daiteke, eta entzungai dago plataforma digitaletan.
Era askotako gaiak
Abesti batek eman dio izenburua diskoari, azaldu dutenez: «Munduan eta gure bizitzetan muturreko egoerak gertatzen dira askotan, bi ertz irudikatzen dituztenak, bai eta ez, mina eta plazera… baina denborarekin ez hain muturreko bihurtzen dira, egoerak aldatzen joaten direlako. Hori da Bi ertz izenburuarekin adierazi nahi duguna».
Zortzi abestiak fidelak dira pop-rock estiloarekin. Arizkorretak, Calvok eta Gilek konposatu dituzte, «musika aldetik bariatuak dira, batzuk geldoagoak, beste batzuk gogorragoak». Gaiaren aldetik, «denetik» dago: «Alzheimerra, etorkinak, Palestinako gerra, gauerdiko amodioak, sinisten duzunaren defentsa, kalte egiten dizuna baztertzea… Gai sozialak, azken finean».
Pozik geratu dira lanarekin, are gehiago harrera ona izan duela ikusita. «Entzuteko musika erraza dela esaten digute, eta adin guztietako jendearentzat da».
Orain diskoaren aurkezpenean daude murgilduta, «aurreko lan guztiak eginda, gogoz heldu diogu zuzenean jotzeari». Tolosako lehen emanaldiaren ondoren, Legazpikoa etorriko da. Otsailaren 13an izango da, Karibe Zaharra tabernan, 19:30ean. Ondoren, hitzordu gehiago izango dira.