Ordizian 36 etxebizitza babestu gehiago
Floreagako bi lursailetan eraikiko dituzte. Aurretik Visesarakin hitzartutako San Joango beste 110 etxebizitza babestu gehitu behar zaizkio kopuru horri. Beste 80 eraikitzeko aukera egon daiteke. Denis Itxaso jaurlaritzako Etxebizitza sailburua Adur Ezenarro alkatearekin elkartu da etxebizitza publikoetako proiektuak aztertzeko.
Ordiziako alkatea, Adur Ezenarro, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasorekin, Etxebizitzako sailburuorde Miguel de los Toyosekin eta Visesako zuzendari nagusi Carlos Quindosekin elkartu da gaur goizean Ordiziako udaletxean, eskuartean dituzten etxebizitza babestuen inguruko proiektuen inguruan hitz egiteko.
Ezenarrok bileraren amaieran jakinarazi duenez, Floreaga kalean beste 36 etxebizitza babestu egingo dituzte; 12 etxebizitzatako hiru bloke. Kopuru horri gehitu behar zaio, San Joanen Visesarekin 110 etxebizitza babestu (60 eta 50) eraikitzeko duten hitzarmena.
Dagoeneko hitzartutako 146 etxebizitza horien kopurua handitzeko aukera ere badagoela uste du Ezenarrok. “Ordizia Lantzen bidez ditugun beste bi sailetan ere, beste 80 etxebizitza babestu (40 eta 40) aukera egongo litzateke, baina horretarako oraindik araudi aldaketa batzuen zain gaude, zailtasun batzuk badituztelako”.
Eremu tentsionatua
Bestetik, Ordiziako alkateak aurreratu du, “sailburuari adierazi diogu gure asmoa dela, Ordizia eremu tentsionatu izendatzeko plangintza guztia garatzen. Diagnostikoa dagoeneko egin dugu, eta orain ekintza planarekin gabiltza. Hor aurreikusten ditugun hainbat neurri partekatu ditugu. Baita ere, plangintza horretan zer jaso beharko genukeen ere adierazi zaigu. Aurrerantzean ere espero dugu elkarlanean jarraitzea”.
“Bilera emankorra”
Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak “eskerrak eman” dizkio alkateari, gaurko bilera “oso emankorra” izan delako. Eman dituen datuen arabera, “momentu honetan Etxebiden, Ordizian 450 familia ari dira eskatzen etxebizitza babestua, eta bertatik 392k alokairuan eskatzen dute”. Bestetik, “kontuan izan behar da baita ere, Ordiziak etorkinen errealitate horretan baduela zer esana. Euskadik dauzkan herrien artean tasa altuenetariko bat dauka eta horrek ere etxebizitzaren erronkari beste puntu bat ematen dio”.
Horregatik guztiagatik, Itxasoren esanetan, “balioan jarri behar dugu orain arte Ordiziako Udalarekin elkarlanean jorratu ditugun hainbat proiektu”. Egitasmo desberdinen bidez, guztira 226 etxebizitza babestu egiteko aukera daitekeenez, “horrek esan nahi du jaurlaritzak apustu handia egingo lukeela hemen Ordizian, momentu honetan dauden eskakizun guztien parte handi bat erantzun bat emateko”.
Hiriburuetako arazoa bakarrik ez
Etxebizitza sailburuak gainera argi du, etxebizitzaren arazoa ez dela hiriburuetako arazo bat bakarrik. “Gipuzkoak batez ere, baina EAEk osotasunean, orekaren kontuari inportantzia handia ematen dio eta horrek esan nahi du Ordizia bezalako udalerri batek ere behar dituela etxebizitza gehiago eta alde horretatik apustua ere egin behar da herri ertainetan”.
Ordiziako Udalaren bidea txalotu du: “Ordizia momentu honetan lursailak eskaintzen ari zaio jaurlaritzari eta hori da bidea. Guk eskatzen dioguna da, alfonbra gorri bat jartzea jaurlaritzari. Horrek esan nahi du, lursailak erraztea eta baita ere fiskalki zerga oso txikia jartzea jaurlaritzari etxebizitza babestuak eraiki ditzan”.