Txerri hilketa, festa bihurtuta Legazpin
Extremadurako legazpiarren La Bellota elkarteak igandean ospatuko du festa. Lurralde horretako txerrikiak, ogi mamiak eta ardoa izango dira dastatzeko.
Extremadurako jatorria duten legazpiarren La Bellota elkarteak Espainiako lurralde horretako kulturaz eta gastronomiaz gozatzeko aukera berri bat eskainiko du igande goizean. Txerri hilketaren ondorengo festa egingo dute Azokan, 11:00etatik aurrera. Festarako prestaketa lanetan daude murgilduta elkarteko kideak San Ignazio auzoko egoitzan.
Garai batean, txerria erosi eta hazi egiten zuten auzoko baserri batean, eta egun honetarako hil. Orain, osasun eskakizunak tarteko, hilda eta zatitzeko prest ekartzen dute, baina hainbat lan geratu dira: txerria zatitzea, odolkiak egiteko barazkiak txikitzea edo baratxuriak zuritzea. Ogi mamiak prestatzeko ogia zatitu eta lehortzen ere jarri behar izaten dute aurreko egunetan.
Txerrikia eta ogi mamiak
Txerrikia eta ogi mamiak dira igandeko festaren osagai nagusiak. Hala, txorizoa nola egiten den erakutsi eta hirugiharra eta xerrak erreta jarriko dituzte salgai, eta ogi mami zuriak eta gorriak prestatu eta salduko dituzte. Hango ardoa ere izango da, baita musika ere.
Festarako lanak amaitu eta igande bezperan, bazkarian elkartuko dira La Bellotakoak, eta horretan ere Extremadurako jakiak izango dituzte: txerri hezurrekin eta urdaiarekin egositako txitxirioak eta aza, eta odolkia.
30. urteurrena
Igande honetan, gainera, La Bellota kultur elkartearen 30. urteurrenaren ospakizunak hasiko dira. Berez, 2020an bete zituen elkarteak 30 urte, baina pandemiak eta beste arrazoi batzuk eraginda, aurten ospatuko dute. Eta txerriarekin berarekin hasiko dira, igandekoa maila gorenekoa izango baita, iberikoa.
Ondoren, festa nagusia etorriko da, otsailaren 16an. Bazkaria egingo dute, Extremadurako musika talde bat gonbidatuko dute, eta beste ekitaldi batzuekin beteko dute ospakizun eguna.