Makalak taldeak irabazi dio Lakiolari Idiazabalgo herri kirol desafioan
Idiazabaldarrek hasieratik hartu dituzte menpean legazpiarrak. Sokatiran ere etxekoak izan dira nagusi. Bi taldeetako jarraitzaileek goraino bete dute Igarondo pilotalekua.
Makalak eta Lakiola, bi talde izan dira aurrez aurre arratsaldean Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan, herri kirol norgehiagoka tarteko. Makalak idiazabaldarrak izan dira irabazleak Lakiolako legazpiarren aurrean, kiroltasunarekin eta harmailetako giro paregabearekin batera.
Beste urteetan ez bezala, Makalak taldeak ezin izan du aurkaririk aurkitu Idiazabalen bertan, eta Legazpiraino joan behar izan du herri kirol desafioa antolatu ahal izateko. Hori dela eta, legazpiar ugari zegoen Igarondoko harmailetan.
Zortzi kidekoak ziren taldeak, eta harria jasotzen, txingekin, zakua eramaten, trontzan, giza-proban, lastoa altxatzen, aizkoran eta oskolak biltzen egin behar izan dute, lau tanda guztira. Hasieratik jarri dira aurretik idiazabaldarrak, eta une batean legazpiarrak oso gertu izan badituzte ere, azkenean minutu inguruko aldearekin irabazi die Lakiolakoei.
Amaitzeko sokatiran egin dute, eta berdinduta geratu dira bi tiraldi egin eta gero. Baina Idiazabalgoek irabazi dute hirugarrena eta, horrekin, baita desafioa ere.
Horrelako giroarekin hasi da San Blas jaietako lehen asteburua. Kirol saioaren ondoren, txistularien alardea dago, eta bihar, kirol gehiago eta haurren danborrada.
Ekitaldiz bete-betea daude biharko eta datorren asteburuko jai egunak, egitarauan ikus daitekeenez.