Argitalpena egin nahi dute Ezkioko agerraldiei buruz Vatikanoak gordeta zituen dokumentuekin
Ezkioko Amabirjinaren Lagunen Elkarteak argitaratuko du, Antonio Maria Artola apaizak egindako txostenetik abiatuta.
Ezkioko Amabirjinaren Lagunen ordezkari den Sabino Legarda-Ereñok jakinarazi duenez, agerraldien inguruan Vatikanoan gordeta zituzten dokumentuekin argitalpena egin nahi du elkarteak datozen hilabeteetan.
Legarda-Ereñok azaldu duenez, “2006an ireki zen Vatikanoko artxibategi sekretua, eta bertan gordeta zeuden Ezkioko amabirjinaren agerraldien inguruko dokumentuetara heltzeko bidea izan zuen duela urte batzuk gai honetan aditua den Antonio Maria Artola apaizak. Besteak beste, igarleen eta lekukoen testigantzak, argazkiak, elizaren ikerketa batzordearen deliberamenduak eta gertaeren kondena aztertzeko aukera izan zuen, eta txosten batean bildu zuen han aurkitutakoa. Orain liburu forman argitaratu nahi dugu lan hura”.