Udalaren obra brigadak eta zerbitzuek 808 interbentzio egin zituzten iaz kalean
Udalak 1.029 intzidentzia jaso zituen guztira, gehienak herritarren partetik. Oraindik batzuk konpontzeko daude.
Udalak espazio publikoko 808 intzidentzia konpondu zituen iaz brigadaren eta kontratatutako zerbitzuen bidez. Guztira 1.029 intzidentzia jaso zituen, 2023an baino %57 gehiago, eta gehienak herritarrek helarazitakoak ziren. Kaleko konponketa txikiekin, garbiketarekin eta espazio berdeen mantentzearekin zuten zerikusia oro har. Oraindik 158 intzidentzia konpontzeke jarraitzen dute, eta beste 63 ezetsi egin zituen.
Interbentzio gehienak udal brigadak egin zituen, baina makina bidezko kale garbiketarekin konpondu zituzten beste batzuk, eta beste batzuetarako lorezaintza enpresen laguntza ere izan zuen udalak.
Udal brigadak, gainera, espazio publikoa eta mendiak hobetzeko jarduketak ere egiten ditu, besteak beste kaleen garbiketan, ekintzetarako muntatze lanetan eta instalazio publikoak mantentzeko lanetan.
Santikutz egoitzako pareta
Igande goizean, bestetik, Sasieta mankomunitateko kamioi batek lurrera bota zuen nahi gabe Santikutz egoitzaren sarrerako paretatxoa, eremuaren barruko edukiontziak usteko maniobra egiterakoan. Nahiko zalaparta eragin zuen herritarren artean paretatxoa lurrean ikusteak, baina istripua besterik ez zen izan. Dagoeneko kenduta daude paretatxoa eta puskatutako harriak.