Legazpiko Udala, herritarren jarduera fisikoa bultzatzeko gertu
Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzua jarri du martxan, Aktibatu Legazpi programaren barruan. Herritar guztiei zuzendutako doako zerbitzua da, eta Mikel Aramendia teknikariak gidatuko du.
Aktibatu Legazpi egitasmoaren barruan Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzua martxan jarrita, «Legazpin bizi ohitura aktiboak eta osasungarriak sustatzeko urrats berri eta garrantzitsua» eman du udalak, Eric Galvez alkateak zerbitzu hori aurkezteko asteazken arratsaldean udaletxean egindako ekitaldian. Josu Galilea kirol arloko zinegotzia eta zerbitzua emango duen Athlon kooperatibako Maialen Alkorta eta Mikel Aramendia ere izan ziren aurkezpenean.
«Herritarrak bizitza sedentariotik atera, eta bizitza aktiboagoa eta osasungarriagoa izatea» da udalak herriko hainbat eragilerekin elkarlanean martxan jarritako Aktibatu Legazpi programaren helburua. Zerbitzu berria helburu horren lorpenean kokatzen da.
Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzua doakoa da, eta herritar guztiei dago zuzenduta.
Aktibo bihurtzea helburu
Aktibatu Legazpiren sorrera herriko kirol kluben kezkan kokatu zuen Galileak, «fokua jarri zutelako haurren eta gazteen artean jarduera fisikoak duen garrantzian». Udalak ere bat egiten zuen kezka horrekin, eta guztien elkarlanari esker, iazko udan martxan jarri zuten programa, herritar guztiei zuzenduta. Orain, pauso bat aurrera egin dute, eta Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzua jarri dute martxan.
Arrasateko Athlon enpresak eskainiko du zerbitzua, «herritar ez aktiboak herritar aktibo bihurtzeko helburuarekin», Alkortaren hitzetan. Zerbitzuaren arduraduna Mikel Aramendi kirol teknikaria da, «osasun eta jarduera fisikoaren alorretan profesionala». Aramendiren lana «herritar orori gida lerro batzuk eta laguntza ematea da, jokabide edo ohitura aldaketak bereganatzeko eta bultzatzeko». Herritarra aktibo bihurtzea heziketa prozesu baten bitartez gauzatuko dela zehaztu zuen Alkortak, «herritarrak hezi egin behar dira esperientzia positiboen bitartez, ohitura aldaketak bultzatuz».
Helburu horren lorpenerako herriko eragileekin eta elkarteekin sare bat ere osatuko dute, «ikuspegi komunitarioa indartzeko», eta errazagoa izateko «herritar ez aktibo horiengana iristea». Ildo horretan, «bi deribazio iturri garrantzitsu» daude dagoeneko martxan, Osasun Zentroa eta udaleko Gizarte Zerbitzuak.
Aktibatu Legazpi programaren inguruan talde sustatzaile bat dagoela gogoratu du Alkortak, «zerbitzuaren norabidea markatuko duena». Besteak beste, udaleko kirol saileko eta Gizarte Zerbitzuetako, Osasun Zentroko, kirol klubetako eta Aldundiko ordezkariak daude bertan.
Funtzionamendua
Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzua herritar guztientzat da, eta doakoa da. Mikel Aramendia teknikaria Gizarte Zentroan egongo da astearteetan 14:00etatik 16:00etara, eta 16:00etatik 18:00etara Bikuña kiroldegian. Ostegunean 09:00etatik 13:00etara Osasun Zentroan egongo da. Zerbitzuarekin kontaktuan jartzeko eta hitzordua eskatzeko, 943 03 55 51 zenbakira deitu daiteke, edo aktibatu@legazpi.eus helbidera mezu bat bidali.
Teknikariak elkarrizketa egingo dio herritarrari, «gaur egun dituen ohiturak, afizioak eta beharrak ezagutzeko», eta horien arabera, programa bat proposatuko dio. Legazpik dituen eremuak eta aukerak ere izango ditu kontuan, beharrezkoak diren ikastaroak, jarduerak edo inguruneak eskaintzeko.