Nagusilan-Legazpi, 25 urte herriko nagusien alde lanean
Elkarteak hainbat jarduera antolatu ditu 25. urteurrena ospatzeko. Taldeak 44 kide baditu ere, oraindik boluntario gehiago behar dituzte.
Nagusilan-Legazpi elkarteak 25 urte beteko ditu ekainean, eta zehaztuta ditu urteurren hori ospatzeko ekitaldietako batzuk. Elkarteak azaldu duenez, sortu zenetik, «parte hartzearen eta gizarte ekintza solidarioaren bidez nahi ez den bakardadean dauden adinekoei laguntzea, eta adinekoen egoerari buruz sentsibilizatzea» dira elkartearen helburuak.
Legazpin 44 boluntario dabiltza zeregin horretan, eta egiten duten lanari esker, adibidez, Garaguneko erabiltzaile bat musika eskolara joan daiteke pandero klaseetara, bakarrik bizi eta kalean ibiltzeko laguntza behar duen emakume batek ez du hutsik egiten osteguneroko Tipi-Tapa paseoan, edo Santikutzeko egoiliarrek bingoan jokatuz igarotzen dituzte arratsaldeak.
Boluntario eta diru bila
Herriko hiru zentrotan egiten du jarduera Nagusilanek: Santikutz egoitzan, Eguneko Zentroan eta Garagunen. Telefono bidezko Zilarrezko Haria zerbitzuan ere lan egiten dute boluntarioek. Elkarteko ordezkariek diotenez, haien balioa haien denbora pertsonekin partekatzea da: «Laguntzeko eta entzuteko, baina balio handiagoa du jasotzen dugunak: haien esker ona, adiskidetasuna, irribarreak eta ikaskuntza».
Iaz 5.000 ordu baino gehiago inbertitu zituzten gizarte zeregin horietan, eta udalak sustatutako Ttipi-Tapan edo GizarteLab jardueretan. Herriko beste elkarte batzuekin elkarlanean jarduten dute gainera.
Beste herri batzuekin alderatuta boluntario kopuru handia da Legazpikoa, baina boluntario gehiago nahi dituzte, «batez ere gazteak». Gizarte Zentroan dute bulegoa, eta ostegunetan 18:00etatik 19:00etara egoten dira bertan, boluntario berri horiek artatzeko. Mezu bat ere bidali daiteke nagulegazpi@gmail.com helbidera, edo 668 553 694, 619 947 641 edo 637 067 129 telefono zenbakietara deitu.
Boluntarioez gain, dirua ere behar du Nagusilanek lana egiteko, eta aurten kanpaina berezia egingo dute laguntasun ekonomiko hori lortzeko.
25. urteurrenari begira
Urteurrenaren ospakizunetako protagonistak laguntzen dituzten pertsonak eta laguntzen ari diren boluntarioak izatea nahi dute, herritar guztiekin batera. Batzorde gidariko kide diren Asun Ugartek eta Mica Garciak aurreratu dute zeintzuk izango diren ekitaldi horietako batzuk, oraindik gehiago izango badira ere.
Hasteko, boluntarioei zuzendutako musikoterapia saioak egingo dituzte Eli Gordoa adituarekin, talde izaera areagotzeko. Zilarrezko Haria maratoi txikia edo sprinta ere egin nahi dute Gizarte Zentroan, telefono bidezko akonpainamendu zerbitzua ezagutzera emateko. Telefono lokutorio berezi bat egokituko dute, eta bertatik egingo dituzte deiak boluntarioek.
Ekainean ospatuko dute urteurreneko ekitaldi nagusia, 13an. Nagusilanen laguntasuna jasotzen dutenen testigantzak jasotzeko bideo bat egiteko asmoa dute, eta egun horretan aurkeztuko dute Kultur Etxean lehenik, eta ondoren omenaldi txiki bat egingo diete elkartean 10, 15 eta 20 urte egin eta oraindik aktiboan dauden boluntarioei. Eguna borobiltzeko, triki-paseoan Aitxuri jatetxera joango dira, han bazkaltzeko.
Urriaren 15ean, bukatzeko, Bizikletaz Adinik Ez elkarteak eta Real Sociedad Fundazioak bultzatutako triziklo ibilaldiak Legazpira etorriko dira berriz ere, Nagusilanekin elkarlanean. Maiatzean beste egun batean egiteko aukeraz ere hitz egiten ari dira hiru erakundeak.
Otsaila, apirila, iraila
- Musikoterapia saioak: Boluntarioentzat, Eli Gordoarekin.
Martxoak 28
- Zilarrezko Haria sprinta: Gizarte Zentroan, 10:00-13:00.
Ekainak 13
- Bideoa, omenaldiak eta bazkaria: Nagusilanen lanari buruzko bideoaren aurkezpena, elkartean boluntario lanetan 10, 15 eta 20 urte egin dituztenei omenaldiak, eta bazkaria Aitxuri jatetxean.
Urriak 15
- Triziklo ibilaldiak: Bizikletan Adinik Ez elkartearekin eta Real Sociedad Fundazioarekin elkarlanean.