Paul Urkijo zinemagilea Mirandaolan, 'Gaua' grabatzen
Mirandaolako burdinola eta inguruak aukeratu ditu, XVII. mendean kokatzen den filmaren errodajerako. Joan den ostiral iluntzean egin zituen grabazioak, 85 laguneko taldeak lagunduta.
Paul Urkijo zinemagile euskalduna Mirandaolan izan zen joan den asteburuan, Gaua bere hirugarren film luzearen grabaketa lanak egiten. Burdinola eta inguruak errodaje set bihurtu ziren horrela ostiral iluntzean, eta 85 pertsona elkartu ziren bertan, grabaketa lanetarako.
Errementari eta Irati pelikula arrakastatsuen ondoren, berriki hasi da Urkijo Gaua lanaren filmaketarekin. Fantasiazko eta errealitate historikoaren artean kokatzen da filma, eta euskal mitologiaren gaueko munduan murgilduko da, XVII. mendean girotuta. Hain zuzen, gaueko izakien mundu mitologikoa eta landa eremuko sineskeriaren iruditeria uztartuko ditu, «misterioz, emozioz eta epikaz betetako unibertso bat sortuz».
Yune Nogueiras, Ane Gabarain, Elena Irureta eta Iñake Irastorza dira filmeko aktore nagusiak, eta Xabi Jabato, Erika Olaizola, Manex Fuchs eta Elena Uriz dituzte alboan, besteak beste.
Filma euskaraz errodatzen ari da egun hauetan, eta zazpi astetan zehar, Euskal Herriko hainbat tokitan izango da lantaldea. Mirandaola burdinolako inguruak dira toki horietako bat.
Legazpin, errodaje gehiago
Ez da lehen aldia Legazpiko txokoetako bat zinemarako edo telebistarako errodaje gune bihurtzen dena. Aurretik, esaterako, Ihesaldia Basauri telebista seriearen zati bat grabatu zuten San Ignazio auzoan eta inguruan, eta Erase una vez Euskadi telesailerako grabazio lan batzuk ere herrian egin zituzten, Haztegi ikastolan eta inguruan.
Reala futbol taldeak ere Mirandaolako burdinola aukeratu zuen Robin Le Normand jokalari frantsesari fitxa berritu ziola jakinarazten zuen bideoa grabatzeko.