Ordiziako Urpeko saria, nazioarteko igerilariekin
Majori kiroldegian bihar jokatuko da hegats igeriketako txapelketa, goiz eta arratsalde. 240 igerilarik hartuko dute parte, tartean Frantziako eta Turkiako lauk.
Hegats igeriketako XII. Ordizia Urpekoak Saria jokatuko da bihar, larunbata, Majori kiroldegian. Goiz eta arratsalde ariko dira lehian (09:30-13:30 eta 16:30-20:00) hamabost taldetako 240 igerilari. Ordiziako Urpekoak taldeak, Euskal Herriko Urpeko Jardueren Federazioaren laguntzarekin, eta Ordiziako Udalaren eta Landuren babesarekin antolatutako txapelketa da.
Hego Euskal Herriko taldeez gain, Kataluniatik hiru talde etorriko dira, eta Balear irletatik, Andaluziatik, Aragoitik, Gaztela eta Leondik eta Kantabriatik talde bana. Aurten, beste pauso bat eman nahi izan dute eta Frantziatik eta Turkiatik lau igerilari etorriko dira. Juanjo Garin Ordiziako taldeko kideak nabarmendu duenez, «parte hartzaileen artean Frantzia, Turkia eta Espainiako selekzioekin Europa zein munduko txapelketetara joan diren» igerilariak izango dira. «Laugarren eta bigarren postuak lortu dituzte».
Era horretan, aurten, «kutsu desberdin bat» eman izan diote Ordizia Sariari: «Geneukan aurrekontuarekin, lau igerilari gonbidatzea erabaki genuen. Beste igerilari batzuk gonbidatzea genuen asmoa, baina nahiko berandu ibili garenez, batzuek ezezkoa esan digute. Baina datozenekin gustura gaude». Honela, garai bateko open itxura hartuko du aurten: «2007ko krisialdi ekonomikoarekin gauzak zaildu egin ziren, eta nazioarteko opena urte batzuetan ez zen egin. Gero hasi ginen beste txapelketa honekin, Ordizia Sariarekin. Ez genuen kanpoko horrenbeste jende ekartzen».
Saria une garrantzitsuan
Txapelketa garrantzitsua izaten da Ordiziakoa, «igerilarientzat momentu nahiko inportantea» baita: «Gutxi gora-behera denboraldi erdian gaude, eta beti ekaina-uztaila aldera begira egoten gara. Txapelketa honetako denborak kontuan hartzen dira. Selekzionatzaileak ere adi egoten dira igerilariak urte horretan nola dauden ikusteko, eta lehenengo aurre selekzio bat egin ahal izateko. Bertan egiten diren denborak balio izaten dute selekziora joateko».
Etxeko igerilariak ere ariko dira lehian. Irati Lakuntza tolosarra eta Josu Goia ordiziarra nabarmendu ditu Garinek. «Mundu mailan oso ondo ibiltzen da Lakuntza eta Goia iaz Espainiako selekzioarekin joan zen. Oso-oso maila onean dabiltza biak».
Josu Goiarentzat urteko egun eta txapelketa «berezienetakoa» izango da biharkoa. «Denboraldi osoan Ordizian egiten dugun txapelketa bakarra izaten baita normalean. Gainera, kanpotik horrenbeste jende etorrita eta txapelketak izaten duen giroarekin, are gehiago».
Egunaren amaierarako, Frantziatik eta Turkiatik etorriko diren lau igerilarien artean (bina neska eta mutil) errelebo mistoak egiteko asmoa daukate.
Kirol arloko lanak bukatuta, igerilari guztiak elkarrekin joango dira afaltzera, Tximista sagardotegira.
Kluba, osasun onean
Hegats igeriketako Ordiziako Kirol Elkartea osasuntsu dago Garinen esanetan, «inoiz baino igerilari gehiago» dabiltzalako: «Inoiz baino indartsuago esango nuke». Ordiziarrak zehaztu duenez, «kaptazio ikastaroekin jende asko» sartu da taldean. «Egia da denek ez dutela jarraitzen, baina orain dagoen igerilari kopuruarekin oso kontentu gaude».
Gainera, adin desberdinetako igerilariak elkartzen dira: «Gaztetxoetatik hasi eta 37 urte artera arte». Taldea «osasuntsu» egotearen ispilu da aurtengo Ordizia Urpekoak Saria. «Hain osasuntsu egonda, kanpoko igerilariak ekartzea erabaki dugu, ikuskizuna emateko».