Hanburgesa eta garagardo dastaketa arrakastatsua
Lekanazpi elkarteak antolatuta, Legazpiko bi abeltzainek ekoitzitako haragia eman zuten dastatzera afarian ostiralean, Lazkaoko Basabe garagardoarekin batera.
Arrakasta hutsa izan zen Lekanazpi elkarteak antolatuta Legazpin egin zen hanburgesa eta garagardo dastaketa. Brinkolako Errementari eta Zubiarre baserrietako abeltzainek ekoitzitako haragia eman zuten dastatzera afarian Armuño eta Oazurtza izeneko hanburgesetan, Lazkaon egindako Basabe artisau garagardoarekin batera.
Hanburseak osatzeko, Zeraingo Mendarten ekoitzitako barazkiak, Itsasoko Haristizabalen egindako ogia, Olaberriko Behieko gazta eta Elgoibarko Berasaeta arraultzak erabili zituzten. “Egundoko afaria izan zen, agian gehiegi, baina jendeak majo afaldu zuen”, esan du antolatzaileetako batek balantzea egitekotan. Denak oso gustura geratu zirela azpimarratu du, baita antolakuntza ere. Lekanazpi hasita dago hurrengo dastaketa prestatzeko lanetan.
Afari honen helburua bertako lehen sektoreari bultzada ematea zen, eta horretarako Biziola kooperatibaren eta Legazpiko kontsumo taldearen lankidetza izan zuten. “Orain, kolaborazio horrekin jarraitzea da helburua, bertako produktuak sustatzen jarraitzeko. Hor mundu bat dago, eta jarraitu behar dugu laguntzen”.