Legazpiko Udalak bilera bira egingo du herriko auzoetan zehar
Auzoetako beharrak zuzenean ezagutzeko laster martxan jarriko duen Legazpi Auzoetatik ekimenaren barruan kokatzen dira bilerak.
Legazpi Auzoetatik programa jarriko du martxan laster udalak, herriko auzoetako beharrak zuzenean ezagutzeko eta herritarren egunerokotasunean murgiltzeko helburuz. Herriko bederatzi eremuetara gerturatuko dira datozen hilabeteetan.
Legazpiko Udalak aurreko urteetan bezala aurten ere herritarren kezkak eta beharrak jasotzeko asmoarekin jarraituko dute, eta asmo horren barruan auzoen inguruan “lanketa iraunkor bat” egiteko beharra ikusi dute. Gainera, legealdi honetako kudeaketa planean espazio publikoa mantentzeko plana idaztea eta martxan jartzea aurreikusita du. Legazpi Auzoetatik egitasmoak bi helburu horiek uztartzen ditu.
Alkateak azaldu duenez, “herritarren parte hartzea sustatzeko eta bizi kalitatea bermatzeko, auzo eskala gertutasunetik lantzea ezinbestekoa” da. Hala, herria bederatzi eremutan banatu eta bakoitzean saio bana egingo dute, “bizilagunen egunerokoan zuzenean eragiten duten beharrak jasotzeko”. Hauek dira bederatzi eremuak: Urtatza; Laubide eta San Juan; Arantzazu, San Jose, Lanaren Hiribidea, Zal eta Elbarrena; San Ignazio eta San Martin; Erdialdea; Itxaropen; Aizkorri eta Bikuña; Telleriarte, Mirandaola eta Mantxola; eta Brinkola eta Guriditegi.
Herritarren ahotik
Lanketa honen helburua “Legazpiko auzoetako beharrak herritarren ahotik zuzenean jasotzea, horiei erantzuteko ekintza plan bat burutzea eta horiei erantzuteko interbentzio ezberdinak gauzatzea” dela zehaztu du alkateak. “Bizilagun bakoitzak bere ahotsak balio duela senti dezan nahi dugu”.
Bilera bira hau hilabete honetan bertan hasiko da, otsailean, eta hilean behin bilera bat egiteko asmoa du udalak. Bileretan parte hartzera gonbidatzen ditu herritarrak udalak, “guztion artean nahi dugun herria izan dezagun!”.