'Zientzia-emakumeak argira' erakusketa ireki dute Ordizian
Otsailaren 14ra arte Barrena kultur etxeko atarian hamabi emakume zientzialariren lanak ezagutu daitezke. Otsailaren 11 Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko eguna da.
Otsailaren 11 Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko eguna da eta egun horrekin lotuta, Elhuyar Fundazioak hainbat ekintza antolatzen ditu. Horietako bat, Ordiziara eramango dute. Hain zuzen ere, Zientzia-emakumeak argira erakusketa Barrenako atarian ikusteko aukera izango da, gaurtik otsailaren 14ra bitartean.
2016an Nazio Batuen Batzar Nagusiak otsailaren 11 aukeratu zuen Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko eguna ospatzeko, emakumeek eta neskek zientzian parte hartze eta protagonismo handiagoa izan dezaten bultzatzeko eta nesken bokazio zientifikoak sustatzeko. Eta era berean, arlo zientifiko-teknologikoetako emakumeek gizartean duten zeregin garrantzitsua aitortzeko.
Elhuyar duela bost urte hasi zen helburu horrekin lanean, emakume zientzialarien lanaren balioa nabarmentzen eta bistaratzen, batetik erreferenteak sortzeko, eta bestetik, emakume zientzialarien eredua gazteei hurbiltzeko. «Hala, emakume horien bizitza, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukera ematen zaie gazteei, uste okerrak eta estereotipoak gainditzeko».
Aurten, otsailaren 3tik, munduko hamabi emakume ikertzaile omenduko dituzte, Abanto-Zierbena, Arrasate, Arrigorriaga, Barakaldo, Bilbo, Durango, Elgoibar eta Irurako hainbat saltokitako erakusleihoetan, eta Azkoitia, Barakaldo, Bilbo, Donostia, Durango, Iruñea eta Ordiziako erakusketetan.
Omenaldia
Zientzia-emakumeak argira erakusketan, Euskal Herriko eta nazioarteko hamabi zientzialari omendu nahi izan dituzte, haien horma-irudiak jarrita eta egindako lanak eta istorioak jasota. «Erakusketa honek zientzia eta teknologiaren munduko hamabi emakume erreferente errealak hurbildu nahi dizkio euskal gizarteari, eta modu berezian, haurrei eta gazteei», dio erakusketaren sarrerak.
Euskal Herrikoak
- Dorotea Barnes Gonzalez: Iruñea. 1904-2003. Kimikaria. Iberiar penintsulan, aitzindaria izan zen substantzien egitura kimikoa identifikatzeko balio duten teknika espektroskopiko aurreratuak erabiltzen. 36Ko gerran Frantziara erbesteratu zen. Itzuli zenean, irakaskuntzarako ezgaitu zuten erregimen frankistak, eta, senar despota tarteko, ez zuen ikertzen jarraitzerik izan.
- Lurdes Ansa Maiz: Andoain. 1961. Zientzia materialen edizio arduraduna. Euskarazko lehen hiztegi entziklopediko osoaren erredaktoreetako bat izan zen, 1990eko hamarkadaren hasieran. Ordutik, zientzia euskaraz irakastea eta dibulgatzea ahalbidetu duten ehunka argitalpenen arduraduna izan da Elhuyarren. Azken urteotan, zientzia hezkuntza sustatzen duten proiektuetan ibili da buru-belarri.
- M. Jesus Esteban Galartza: Alonsotegi. 1955. Matematikaria. Matematika euskaraz landu zuen lehenengo zientzialarietako bat da. Ibilbide profesionala Frantzian egin du, eta gaur egun, ikertzailea da herrialde horretarako ikerkuntza erakunde nagusian, CNRSn. Nazioarteko izendapen eta sari ugari jaso ditu.
- Uxue Lazkano Dobao: Bergara. 1995. Biologo konputazionala. EHUn biokimika eta biologia molekularrean graduatua eta bioinformatikan espezializatua. Teknika konputazionalak erabiliz, prostatako minbiziaren prozesu metastasikoen ezaugarri molekularrak ikertzen dihardu.
Nazioartekoak
- Amena Karimyan: Herat (Afganistan). 1996. Astronomoa, aktibista eta idazlea. Kayhana elkarte astronomikoaren sortzaileetako bat da, zeinak helburu baitu Afganistango emakume eta neskei astronomia irakastea. 2021Ean, talibanen erregimenetik ihes egin zuen, eta gaur egun, Alemanian bizi da errefuxiatuta.
- Halet Çambel: Berlin (Alemania). 1916-2014. Arkeologoa eta eskrimalaria. Arkeologoa eta eskrimalaria. Haleten familia turkiarra zen, eta hura haurra zela itzuli ziren Turkiara. Indusketa lanak egin zituen, eta ezinbestekoak izan ziren herrialde horretako kultura ondarea kontserbatzeko. 1936An, Olinpiar Jokoetan lehiatu zen lehen emakume turkiarra ez ezik lehen emakume musulmandarra ere izan zen.
- Harriet Martineau: Norwich (Erresuma Batua). 1802-1876. Ekonomialaria eta soziologoa. Ekonomialaria eta soziologoa. Lehen emakume soziologoa eta, aditu askoren iritziz, diziplina horren ama. Bizi zuen garairako ideia probokatzaile eta ausartak erakutsi zituen ekonomiari eta soziologiari buruzko azterlanetan. Haurtzaroan hasi zen entzumena eta dastamena modu progresiboan galtzen.
- Jeanne Baret: La Comelle (Frantzia). 1740-1807. Botanikaria. Emakumeak itsasontzietan sartzea debekatuta zegoenean, gizon mozorrotu eta munduari bira egin zion lehen emakumea izan zen 1767an. Ordura arteko inoizko landare eta intsektu espezie bilduma naturalistarik handiena osatzeko lanetan parte hartu zuen; besteak beste, geroago lorategi eta etxeetara zabaldu zen bugainbilea aurkitu zuten.
- Margaret Crane: Indiana (AEB). 1941. Publizista eta asmatzailea. Publizista eta asmatzailea. Aurrekari zientifikorik izan gabe asmatu zuen emakumeen etxean egin zezaketen haurdunaldi testaren lehen eredua. Garaiko enpresariek ez zioten erabilgarritasunik ikusi, eta asmatzaileak dolar baten truk egin behar izan zien uko bere egile eskubideei.
- Nawal El Saadawi: Kairo (Egipto). 1931-2021. Medikua, idazlea eta aktibista. Emakume arabiarren eskubideen alde zabaldutako ideiek eta idatziek erradikal islamiarren heriotza-mehatxuak, espetxeratzea eta erbesteratzea ekarri zizkioten, besteak beste. Gaur egun ere haren lanak debekatuta daude Egipton.
- Patricia Rodriguez Brennan: Bogota (Kolonbia). 1971. Biologo ebolutiboa. Animalia ornodunen, bereziki emeen, genitalen morfologiaren koeboluzioa aztertzen du. Historikoki tabua izan den gaia ikertzen duenez, ikerketak AEBtako komunikabideen arreta handia jaso izan du, aldeko zein kontrako jarrera nabarmenak.
- Suzuko Ainhoa Tamura: Aichi (Japonia). 1934-2015. Hizkuntzalaria. Waseda Unibertsitateko irakaslea. Hizkuntzen gramatika eta bereziki hitz ordena ikertu zituen, tartean zenbait hizkuntza gutxituena. Japoniako lehen euskara irakaslea izan zen, eta euskal ikasketetarako oinarri sendoa jarri zuen herrialde hartan. 2000. urtean ohorezko euskaltzain izendatu zuten.