‘Emakumeak XIX. mendeko zientzian’ familientzako saioa, Zumalakarregin
XIX. mendeko emakume zientzialariak aztertuko dituzte Zumalakarregin, atzo, otsailak 11, ospatu zen Emakume Zientzialarien nazioarteko egunaren harira.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2025/02/25_zm_eunice-foote.jpg)
Otsailaren 11n Emakume Zientzialarien Eguna ospatu zen mundu mailan. Bada, egun honen aitzakian Zumalakarregi museoak XIX. mendeko emakume zientzialariak aztertuko ditu Emakumeak XIX. mendeko zientzian izeneko familiei zuzendutako saio batean. Ekimena larunbatean gauzatuko da 16:30etik aurrera eta dagoeneko ireki dute izena emateko epea.
Zumalakarregi museoa karlistaldietan espezializatutako museoa den arren, XIX. mendeko historia lantzen ere urteak daramatza. Testuinguru horretan, garai hartako emakumeen bizipenak, errealitateak eta istorioetan sakontzen; eta kultura, politika edo gizarte arloetan izan zuten eragina ezagutzera emateko ere ahalegin berezia egiten du. Oraingo honetan, Emakume Zientzialarien nazioarteko egunarekin bat egin nahi izan du familiei zuzendutako saio honekin.
Emakumeak XIX. mendeko zientzian saioa larunbat honetan egingo da museoan, 16:30ean hasi eta 18:30era bitartean, eta 6 eta 12 urte arteko haurrak dituzten familiei zuzenduta dago. Parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharra dago mzumalakarregi@gipuzkoa.eus helbide elektronikoan. Sarrera bakoitzak 3 euroko prezioa du —1,50 euro Zumalakarregi museoko familia txartelarekin—. Gurasoen, edo haurrekin datozen helduen sarrera doakoa izango da.
Emakume zientzialariak
Aztertuko dituzten emakume zientzialarien artean, Eunice Foote (AEB, 1919-1888) edo Williamina Fleming (Eskozia, 1857 – AEB, 1911) daude. Foote zientzialari, asmatzaile eta emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea izan zen. Eguzki argiak gasetan sortzen duen berotze eragina aztertu zuen lehen zientzialaria izan zen. Fleming, bere aldetik, astronomoa zen eta izarren gorputzetako aurkikuntza ugari egin zituen. Henry Draper izeneko izar katalogoa osatzen parte hartu zuen zientzialarietako bat izan zen.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2025/02/25_zm_williamina-fleming.jpg)
Williamina Fleming astrologo eskoziarra. HITZA