Goierri eta Sahara elkarturik
Harrera familiak behar dira udako bi hilabetez Saharako haurrak hartzeko. Zeraingo aterpetxean 12 haurrentzako tokia egokituko dute. Kontzertua eta krosa antolatu dituzte Ormaiztegin.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2025/02/oporrak_bakean.jpg)
Sahararekiko elkartasuna zer den badakite goierritarrek eta aurten gainera, ohiko ekintzez gain, badira bi berritasun eskualdean: batetik, Oporrak Bakean egitasmoaren barruan Zerainen, uztailean eta abuztuan hamabi haur sahararrentzako tokia edo udalekua egokituko dute aterpetxean. Eta bestetik, otsailaren 21ean, Sahararen aldeko elkartasun kontzertua antolatu dute Ormaiztegin.
Maria Rodriguez beasaindarra da Oporrak Bakean egitasmoaren arduradunetako bat eta Orkli kooperatibaren Orklide lehiaketan 35.000 euroko diru saria irabazita jarriko dute Zeraingo aterpetxeko proiektua martxan aurtengo udan. «Harrera egiteko modu desberdinak daude. Harrera familietan, edo aterpetxe bitartez, udalekuen gisan. Araban eta Bizkaian badira hiru-bat aterpetxe, baina Gipuzkoan ez dago». Orklik emandakoaz gain, diru iturri gehiagoren bila dabiltzala nabarmendu du Rodriguezek. «Ideia da, udal eta eragileei ateak ireki eta proiektu komunitario bat sortzea».
Harrera familien beharra
Zerainen aterpetxea irekitzeak dena den, ez du esan nahi harrera familiak behar ez direnik. «Hamabi plaza bakarrik egongo dira Zerainen eta errefuxiatu kanpamentuetan milaka haur daude. Harrera familia asko behar dira». Izena emateko epea irekita dago martxoaren 15era arte
(oporrakbakean@gmail.com).
Haur sahararrei uda sasoia basamortutik eta errefuxiatu kanpamentuetatik kanpo pasatzeko aukera ematea da Oporrak Bakean egitasmoaren helburua. Era berean, ondo elikatu eta mediku azterketak egiteko aukera emateaz gain, bertako naturaz, ohituraz, kulturaz, hizkuntzaz… gozatzeko emango dieten denbora tartea da.
Kontzertua eta krosa
Ormaiztegin ere Sahararen aldeko bi ekintza egingo dituzte datorren astean. Batetik, hilaren 21ean Mugan, Bele, Oilar Beltzak, Ines Osinaga, Postal Kolekzionistak eta Xabi Solano taldeen kontzertuak izango dira, 22:00etan, pilotalekuan. Sarrerak 15 euroan daude salgai Ormaiztegin (Murua, Zipotz), Beasainen (Arrano taberna), Ordizian (Herriko taberna), Seguran (Elorripe) eta Lazkaon (Alboka).
Hilaren 23an, azkenik, krosa izango da. 10:00etan haurrak ariko dira, eta 11:00etan helduak. 5 eta 10 kilometroko probak izango dira (Kirolprobak.com). 20 euro balio du helduen inskripzioak. Haurren kasuan, izen ematea egunean bertan egingo da.