«Biharko Altamirako Barçaren aurkako partida klabea da, aurkari zuzen-zuzena delako»
Partida «klabea» du Ampo Ordiziak bihar Altamiran, Barçaren aurka, zortzigarren postuari eusteko borrokan.

Errugbiko Ohorezko Mailako lehenengo fasea bukatzeko bi partida falta dira Ampo Ordiziarentzat: biharko Barçaren aurkakoa Altamiran, eta datorren asteburuan Burgosen aurkakoa. Zortzigarren postuari eusteko, eta jaitsierako postuak atzean uzteko, partida garrantzitsua da biharkoa Ampo Ordiziarentzat. 16:00etan da partida. Erlantz Garmendia Zubeldia (Ordizia, 2001) taldeko bigarren kapitaina da eta biharko partidaren garrantzia nabarmendu du.
Liga erregularra amaitzeko bi partida falta dira, eta Barça aurkari zuzena duzue. Zortzigarren eta bederatzigarren postuan zaudete puntu bateko aldearekin.
Partida klabea da, aurkari zuzen-zuzen baten aurka delako. Erabakigarriena ez da, baina goraka edo beheraka begira jarriko garen partida izango da. Galduz gero, aurreratu egingo gintuzkete eta behetik gertuago egongo ginateke. Irabaziz gero, koltxoi handixeagoa edukiko genuke, eta berriz ere gora begira jartzeko aukera izango genuke. Dagoeneko aukerarik ez daukagu lehenengo seien artean geratzeko, baina garrantzitsua da beheko taldean lehenengo bi postuetan geratzea play off-etarako saltoa emateko.
Ohorezko Maila bi multzotan banatuko da hamabost egun barru.
Lehenengo seiak multzo batean eta beste seiak beste batean. Lehenengo seiek zuzenean jokatuko dute ligako play off-a baina bigarren fasean, 7 edo 8. postuan geratuz gero, play off-a jokatzeko aukera ere edukiko litzateke berriz lehenengo multzokoekin batera. Azkeneko biak jaitsi egingo dira. 9 eta 10 postuan geratuz gero, denboraldia orduan bukatuko da. Bigarren fasean beste bost partida izango dira.
Orain arteko puntuak gordetzen dira? Azkeneko bi taldeekin (Les Abelles eta Pozuelo) alde handi samarra daukazue.
Bai, kontatzen dira eta oraingoz bai alde pixka bat badugu. Baina ezin da erlaxatu. Koltxoi pixka bat badaukagu. Baina badakigu Les Abellesek Gabonetan fitxaketa batzuk egin dituela eta Salvadorren aurka (2.a doa) nahiko justu galdu dutela. Ezin gara fidatu.
Lehenengo fasea ez da zuek nahi bezala joan. Lesio asko izan dituzue.
Egia esanda aurreko urtetik ez daramagu dinamika ona. Ez dakit zein den arazo nagusia, baina lesio asko ditugu. Hori azkenean nabaritu egiten da, batez ere entrenamenduen kalitatean; jende gutxi edukita asko nabaritzen da.
Bestetik, kakotx artean esanda, irregularrak izan garela esango nuke. Batez ere, partida klabeetan. Adibidez, pasa den igandean Alcobendasen aurka, bazirudien irabazteko aukera geneukala 70. minutura arte, eta azkeneko emaitza ikusita ematen du izugarrizko egurra jaso genuela. Partidetan erregulartasun gehiago bilatu beharrean gaude. Gauzak ondo egiten ditugunean, talde handien aurka lehiatu gaitezke. El Salvadorren aurka Altamiran, bukaerara arte aukerekin izan ginen.

Erlantz Garmendia baloiarekin.ORE
Partida, 80. minutuan bukatzen dela.
Hori askotan esaten dugu, baina ez dugu asmatzen oraindik. Baina espero dugu asmatzea.
Lesioen ondorioz, harrobiko jokalari gazte askok debutatu dute lehen taldearekin.
Egia da azken urteetan gazte kopuru garrantzitsu bat igo dela. Batez ere, 2005ekoak, eta asko maila onekoak. Aurten gazteak aukera hori aprobetxatzen ari dira, pixkanaka protagonismoa hartuz.
Lesionatuen egoera zein da?
Aurreko denboraldian lesionatu ziren Telmo Jauregi eta Anthony Nazabal laster itzuliko dira, eta Egoitz Garcia eta Lander Gomez ere bigarren fase honetan sartzen joango dira pixkanaka.
Pertsonalki, gustura egindako lanarekin?
Bueno, ni nire buruarekin oso exijentea izan naiz eta beti nahi izaten dut zerbait hobetu. Egia da, kakotx artean esanda, nahiko erregularra izan naizela, eta nahiko gustura nago horregatik. Espero dut nahiz eta nahiko gustura egon, hobetzen joatea.