Ikas bidaiara joateko dirua irabazten
Legazpiko ostiraleko azokan postu berri bat dago azken aldian. Olazabal institutuko Zereginen Ikasketa Gelako ikasleena da. Gelan egindako gaiak saltzen ari dira, ikas bidaia ordaindu ahal izateko.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2025/02/img20250214093933-1200x904.jpg)
Olazabal institutuko Zereginen Ikasketa Gelako ikasleek ikas bidaia egin nahi dute aurten, eta dirua biltzeko postua jartzen dute ostiralero azokan, elizako arkupeen ondoan. Gaur ere han daude, gelan egindako eskulanak, bizkotxoak, gailetak, pastak, txokolatezko arrokak, San Blas opilak eta beste produktu batzuk saltzen. Dena ondo bidean, Saloura joango dira maiatzean. “Ikasle hauek merezi dute!”, esan dute ondoan zituzten bi irakasleek eta hezitzaileak.
Ikas bidaiarako dirua lortzeaz gain, ikasleek eguneroko lanen ohiturak hartzea da jarduera honen helburua, “konstantzia izatea, txukuntasuna…”, lan munduari begira baliagarriak izango zaizkien jarrerak, hain zuzen. “Lanean jarriz gero, oso langile onak dira, gauza txukunak egiten dituzte”.
Gainera, oso lagunartekoak dira, eta oso ondo konpontzen dira salmenta postura hurbiltzen diren guztiekin. Talde barruko harremana sendotzeko ere balio du esperientzia honek, berez oso ona bada ere, eta “herrira aniztasuna zabaltzeko” modua ere bada.