Erdi Aroko festa berreskuratuko dute Seguran
Segurako hainbat gaztek heldu diote erronkari. Orain dela 10 bat urtetik ez dute Erdi Aroko festarik egin Seguran. Uztailaren 12rako zehaztu dute data.

Harresitik Karkabara Erdi Aro elkarteak Segurako Erdi Aroko festa berreskuratu nahi du aurten. Oraindik antolaketa lan asko egiteke dauden arren, uztailaren 12rako zehaztu dute, jada, hitzordua.
Segurako 10 bat gaztek bultzatutako proiektua da. Diotenez, “denbora” daramate proiektu honetan lanean, baina oraindik “asko” dagoela egiteko aurreratu dute eta horregatik herritarrei antolakuntza lanetan laguntzeko deia luzatu diete.
Herri whatsapp taldean zabaldutako esteka baten bitartez, lan talde ezberdinetan izena emateko gonbita luzatu diete segurarrei. Horren arabera, lan taldeak antolatu eta parte hartzeko prest dauden herritarrekin harremanetan jarriko direla iragarri dute. Gainera, lanak errazte aldera, herriko tabernetan inprimakiak utziko dituztela ere jakinarazi dute.
Badira 10 bat urte Erdi Aroko festa azkenekoz egin zutenetik. Ordukoa berreskuratu eta uztailaren 12an, berriro ere, herriko eraikinetako ateak ireki, herria apaindu eta garaiko afari batekin amaitu nahi dute festa eguna.