Iban Odriozolak irabazi du Legazpiko ehiza txapelketa
Katta-gorri elkarteak antolatuta, Brinkolako mendietan jokatu da, Larrosain inguruan. Herriko hogei ehiztarik hartu dute parte.

Legazpiko ehiza txapelketa herrian bertan jokatu da aurten, larunbat goizean, eta Iban Odriozolak irabazi du. Aitor Lopez izan zen bigarrena, eta Ander Intxausti hirugarrena. Beteranoen saria Miguel Angel Zubizarretak jaso zuen.
Ehiza xehe txapelketa zen, txakurrarekin egitekoa, eta urtero bezala, Katta-gorri elkarteak antolatu du. Aurreko urteetan Arabako Zanbranako barrutian egin izan dute, baina aurten Legazpin bertan egitea erabaki zuten, “herritarrei ehiza gerturatzeko, eta partaide gehiago erakartzeko helburuz, batez ere gazteak”. Bi helburuak bete zituen elkarteak, publikoa izan zuelako txapelketan, eta hogei ehiztarik parte hartu zutelako. Antolatzaileak pozik geratu dira, eta hurrengo urteko edizioan dute jarrita begia, aurtengoak eman duena baloratu ondoren, akatsak zuzendu eta hobekuntzak planteatuz.
Eperrak eta faisaiak
Arabara joan beharrean, Brinkolako mendiak aukeratu dituzte herri mailako txapelketarako, Larrosain inguruan udalak dituen lursailak. Ehiza federazioaren bitartez lortu zituen Katta-Gorrik Aldundiaren eta udalaren derrigorrezko baimen guztiak, eta herriko ehiztarien artean deialdia egin eta gero, hogeik eman zuten izena, aurreko urteetan baino gehiagok, “Zanbranako barrutia baino erakarriagoa zelako Larrosaingo parajea”, antolatzaileen esanetan, eta” txapelketak ehiza jardun naturalaren antza izango zuelako”. Etxetik gertu izateak ere izan zuen eragina partaidetzan.
Larunbat goizean zuten hitzordua txapelketarekin, eta egin beharreko lana, propio askatu zituzten 30 eperrak eta beste 30 faisaiak ehizatzea, txakurren laguntzarekin. Erdiak ehizatu zituzten azkenean, eta besteak aske geratu ziren. “Badakigu hurrengo egunean batzuk joan zirela ea harrapatzen zituzten… baina baliteke bizirik geratu zirenek aurrera egitea, batez ere faisaiek. Ea zer gertatzen den”.
Tute txapelketa
Txapelketaren ondoren, elkartean bildu ziren ehiztariak, eta bazkari batean. Goizean izan zuten giro ederrak jarraitu zuen mahai inguruan, batez ere bazkal ondorengo tute txapelketan. Horretan, Aitorrek eta Javik irabazi zuten.