Itxaropenen abiatuko du etzi Legazpiko Udalak Auzoetatik bilera erronda
Herriko auzoetako beharrak zuzenean ezagutzeko programa da. Ostegunean, udal ordezkariek auzotarrekin ibilaldi bat egingo dute Itxaropenen, Haurreskolatik abiatuta.

Itxaropen auzoan abiatuko du ostegunean udalak Legazpi Auzoetatik programa. Herriko auzoetako beharrak zuzenean ezagutzeko eta herritarren egunerokotasunean murgiltzeko helburua duen bilera erronda da, eta herriko bederatzi eremutan gauzatuko da, datozen hilabeteetan.
Lehenengo bilera Itxaropen auzoan izango da, etzi. Haurreskolan elkartuko dira udal ordezkariak eta auzotarrak 18:00etan, eta ibilaldia egingo dute auzoan zehar. Helduen Eskolan elkartuko dira amaieran, ibilbidean zehar jasotako gaiez eta kezketaz hitz egiteko, mokadu batez lagunduta.
Bederatzi eremu
Lanketa honen helburua «Legazpiko auzoetako beharrak herritarren ahotik zuzenean jasotzea, horiei erantzuteko ekintza plan bat burutzea eta horiei erantzuteko interbentzio ezberdinak gauzatzea» dela zehaztu du alkateak. «Bizilagun bakoitzak bere ahotsak balio duela senti dezan nahi dugu».
Itxaropen auzokoaren ondoren, beste eremu hauetako bilerak etorriko dira: Urtatza; Laubide eta San Juan; Arantzazu, San Jose, Lanaren Hiribidea, Zal eta Elbarrena; San Ignazio eta San Martin; Erdialdea; Aizkorri eta Bikuña; Telleriarte, Mirandaola eta Mantxola; eta Brinkola eta Guriditegi