Oianguren Institutuko ikasleek Patxi Zubizarreta omendu dute
'Jateko Moduko Liburuak' egitasmoko ekitaldi nagusia egin dute goizean Ordiziako Barrena jauregian.

Bigarren urtez jarraian, Ordiziako Oianguren Institutuko 60 bat ikaslek Jateko moduko liburuak kultur topaketa egingo dute gaur goizean, Barrenan. Irakurketa eta euskararen erabilera sustatzeko proiektua da eta ekitaldi nagusia izan da gaurkoa.
Patxi Zubizarreta herriko idazlea eta Oianguren institutuko ikasle ohia omenduz hasi dute ekitaldia. Amalia Simonek idatzitako poesia irakurri, eta Zubizarretak hartu du hitza. Bitartean, Eukene Cabido eta Lili Aizpurua ilustratzaileak marrazkiak egiten aritu dira. Zubizarreta «oso pozik, oso eskertuta» zegoen Oiangureneko ikasleek egindako aitortzarekin.

Amalia Simonek irakurrita poesiaren oroigarria eman diote idazle ordiziarrari.Loinaz Agirre.
Jarraian, DBHko eta Batxilergoko ikasleek literatur solasaldiak, errezitaldiak, musika emanaldiak eta sorpresak izan dituzte, mahaiaren bueltan eserita zizka-mizkak jan dituzten bitartean. Kultur topaketari amaiera emateko, photocall-a, mokadutxoa eta Jam Session-a izan dituzte.
Helburuak
Iazko ikasturtean jarritako egitasmoa da Jateko Moduko Liburuak. Eskainitako eleberriak literatur menuetan antolatzen dira (Bertatik Bertara, Munduko Zaporeak, Institutuko tuperra, Misterioa tinta beltzean…) eta horien inguruan izandako irakurketa esperientzia partekatzen dute adin desberdinetako ikasleek.
Liburuen bitartez adiskide berriak egiteko aukera eskaintzea ikasleei, irakurketa eta irakurzaletasuna lantzeko modu berriak bilatzea, literatur solasaldiak burutzeko estrategiak ezagutu eta aplikatzea, adin desberdinetako ikasleak harremanetan jartzea, irakurketa pertsona bakartien kontua dela dioen aurreiritzia gezurtatzea eta beste pertsona batzuekin konektatzeko aukera ematen duela erakustea dira egitasmoaren helburu nagusiak.

Oiangureneko 60 ikaslek hartu dute parte kultur topaketan.Loinaz Agirre.