«23 urte nituela ireki nuen denda eta 25 urteotan bezeroekin batera hazi eta moldatu naiz»
Gaur 25 urte bete dira Esti Garciak Ordiziako Garagartza plazan Ness arropa denda ireki zuela.

Bezeroekin ospatuko du gaur 19:00etatik aurrera Esti Garciak (Ordizia, 1976) Ness jantzi dendaren 25. urteurrena. Aurrera begira ere, sorpresa gehiago izango direla aurreratu du.
Gaur, 25 urte dira Ness arropa denda ireki zenuela. Gaur egun, denda txiki batek 25 urte betetzea ez da erraza.
Ez, ni gainera huts-hutsetik hasi nintzen, eta hori zailagoa da. Mantentzea ere esfortzu handia da. Egoera gogorra da, baina oraingoz, hemen gaude.
Asko aldatu da Ness?
23 urte nituela ireki nuen denda eta 25 urteotan bezeroekin batera hazi eta moldatu naiz. Feedback horrekin hazi gara. Hasieran adibidez ekartzen nituen oihal batzuk eta orain ezta pentsatu ere. Lehentasuna ematen diot lehengai ona izateari. Egunerokotasunean, momentu guztietan, emakumea hobeto ikusteko eta sentitzeko, arropa saltzen dut. Markekin lana egiten dut, denda multimarka da eta. Modako tendentziak jarraitu beharra daukazu markak berak jarraitzen duelako. Baina saiatzen naiz edukitzen nire gustuko edo bezeroen gustuko arropa. Bezero askoren gustuak badakizkit, eta arropa erosten dudanean beraiengan pentsatzen dut.
«Bezero askoren gustuak badakizkit, eta arropa erosten dudanean beraiengan pentsatzen dut»
Hasierako bezero hark ere 25 urte gehiago dauzka.
Gaur egun, familia bereko hiru belaunalditako emakumeak etortzen zaizkit. Duela 25 urte ezkondu zena, bularra ematen ari den emakumea gero, lehengo talletan sartzen ez dena… Bularra ematen zion ume hura emakumea bihurtu da eta beste arropa mota batekin hasi da. Eta ume horren amona ere etortzen da. Nire ama, ni alabak, ahizpak, lagunak, lagunen amak… dendan janzten dira. Batera hazi gara, eta hori polita da.
Gorputzetan aldaketa asko izaten dira pertsona baten bizitzan.
Bai, emakumeok aldaketa fisiko handiak dauzkagu. Beraz, nire lana da ehun, oihal eta ebakiera onak aurkitzea, hori dena ahal dugun hoberen eraman dezagun. Gaur egun jarraitzen dut esaten, aldizkariek eta sare sozialek min handia egiten dutela. Emakume errealak badaude izugarrizko gorputzekin, baina noski, askoz ere portzentaje handiagoa gara zimurrak eta zelulitisa daukagunok. Gure gorputza maitatzen ikasi beharra daukagu, eta arropa aproposak asko laguntzen du.
«Ni oraindik mantentzen naiz online denda gabe. Norbaitek erosi nahi badu bidalketak egiten ditut, baina online dendarik ez dut»
Dendak ixten ari dira eta gero eta lokal huts gehiago daude.
Pena bat da, denda bat itxi dela entzutea. Erakusleihoak, argiak… herriak gero eta ilunagoak daude. Jende asko ez da konturatzen denda eta taberna txiki batek duen funtzioaz. Baina administrazioekiko jartzen dizkiguten betebeharrak ezin dira berdinak izan autonomoontzat. Ezin dira zaku berean sartu langile bat, bost, 200 edo 1.500 dauzkatenak. Ez dakit zeintzuk aguantatuko dugun. Ni oraingoz indarrarekin nago, konbentzituta nagoelako dendan sortzen denarekin. Askotan ikusi dut nire dendan aspaldiko lagunak elkartzen. Hori galtzea pena da.
Interneteko erosketak ere gehiago dira.
Ni oraindik mantentzen naiz online denda gabe. Norbaitek erosi nahi badu bidalketak egiten ditut, baina online dendarik ez dut. Azken urteetan jende berria etortzen ari da dendara pixkanaka. Sare sozialetan ikusten naute eta Eibartik, Zarauztik, Donostiatik…. dendara etorri zaizkit.