Gorka Salmeronen argazkiak, Bilboko Arte Ederren museoko 'Funts berriak' erakusketan
'Leaxpi Industri Paisaiak' bildumako argazki sorta bat erosi zion museoak iaz, eta legazpiarrak Patrizio Etxeberriaren lantegian XX. mendean zehar beste argazkilari batzuk ateratako irudiak eman zizkion dohaintzan. Apirilean argazki horiei buruzko hitzaldia egitera gonbidatu dute.

Legazpik presentzia berezia du atzotik Bilboko Arte Ederren Museoan. Atzo inauguratu zuten Funts berriak erakusketan, Gorka Salmeron argazkilari legazpiarrak museoari saldutako eta emandako hainbat argazki daude ikusgai. Argazki horietako batzuk berak egindakoak dira, Leaxpi Industri paisaiak bildumakoak, eta museoak iaz erosi zizkion. Beste batzuk, Patrizio Etxeberriaren lantegian XX. mendean zehar beste argazkilari batzuk egindako irudiak dira, Salmeronek berreskuratutakoak, eta horiek dohaintzan eman zizkion museoari.
Funts berriak erakusketa museoko 11-14 aretoetan dago ikusgai, ekainaren 8ra arte. Erakusketa sei dokumentu multzoz osatuta dago, eta Legazpiko lantegikoak eta industria ingurunekoak 20 inguru dira. Gainerako multzoak Eduardo Zamacois margolariaren lanak, Alphonse Guiard argazkilariarenak eta haren seme Adolfo Guiard margolariarenak, Felipe Manterola argazkilariarenak, Saul Steinberg ilustratzailearenak eta Maria Franciska Dapena margolari grabatzailearenak dira.
Lantegia ardatz
Salmeron “pozez zoratzen” dago Bilboko Arte Ederren museoan bere lanak ikusita. Iaz erosi zion museoak Patrizio Etxeberriaren lantegi barruan 1991 eta 1992 artean egindako argazkiez eta 2000. urtean lantegiaren inguruan eta Legazpin ateratako irudiez osatutako lan sorta bat. Leaxpi Industri Paisaiak bildumakoak dira argazki guztiak, 70 inguru, eta horietako hiru daude ikusgai Funts berriak erakusketan.
Lantegian Patrizio Etxeberria jabearen enkarguz goi mailako argazkilariek egindako beste 209 argazki zahar, bestalde, dohaintzan eman zizkion legazpiarrak museoari, eta horietatik 16 ikusi daitezke erakusketan. Dohaintzan emandako argazkiak 1918 eta 1970 artekoak dira, besteak beste Santi Gabiria eta Lucio Vergara legazpiarrek egindakoak. Willy Koch, Pando edo TAF dira argazkien beste egileetako batzuk. Salmeronek berreskuratutako argazkiak dira guztiak.
Hitzaldia, apirilean
Funts berriak erakusketan parte hartzeaz gain, Salmeronek hitzaldia ere egingo du argazki horiei buruz Arte Ederren Museoan. Apirilaren 8an, 18:30ean, egingo du, Patricio Echeverria SA-ko argazkiak. Altxor berreskuratua izenburupean.

Gorka Salmeron Arte Ederretako museoaren sarreran, Miren arrebarekin eta Lexuri eta Amets seme-alabekin. ARGAZKIA: Rober Oria