Herriko eraikinei maketak egiten dizkien legazpiarra
Birziklatutako egurra eta poliespana erabilita, Legazpiko eraikin askoren maketak egin ditu Victor Merino legazpiarrak, baita itsasontziak ere. Laster, guztiak bildu eta erakusketa batean jarriko ditu ikusgai.

Beti izan da trebea eskuekin, eta trebetasun hori afizio bihurtuta du aspaldi Victor Merino Blancok (Cuevas de San Clemente, Burgos, 1935). Legazpiko eta Gipuzkoako hainbat eraikinen maketak ditu eginda, eta azken aldian itsasontzienak egiten ari da.
Etxeko garajean egiten du lan, eta han ditu jasota orain arte egindako lan gehienak. Laster, erakusketa bat egingo du, eta herritar guztientzat ikusgai egongo dira.
Ferratzaile zen lanbidez Merino Burgosen, Legazpira Patrizio Etxeberriaren lantegian lan egitera etorri aurretik. Brinkolan jarri ziren bizitzen hasieran, eta Urtatzan gero. Fabrikan, laminazioan, kirtendegian eta paleta sailean lan egin eta gero, 57 urterekin jubilatu egin zen.
Lantegian ari zela, ferraketa lanak egiten jarraitu zuen Legazpin, hainbat baserritan, eta jubilatutakoan, erremintaz beteta zuen etxeko garajean eskulanak egiteari ekin zion, maketak batez ere. Aurretik, etxeko sukaldeko altzariak egin zituen, egurrezkoak.
Jaiotzako eraikin asko
Maketak egiten, Gizarte Zentroan hasi zen, Ines Elorzaren eskulan ikastaroan. Han zaletu zen, eta zaletasunak indarra hartu zuen Haztegiko ikastolako jaiotzako kideek laguntza eskatu ziotenean. Merinok egin zituen jaiotzako eraikin asko, eta piezak mekanizatzeaz arduratu zen batez ere, urteetan zehar.
Gizarte Zentroan bertan ikusgai dagoen parrokia, Burdinola elkartearen egoitzan gordeta duten burdinola, udaletxea, Apatxo liburu denda, euskaltegia, Mauleon hotela, Agirre-etxeberri, Mirandaolako eliza, Igartubeiti, Orendaingo Abali baserria… Maketen bilduma handia da.
Batzuk argia dute, beste batzuk barrua ikusgai, burdinolek mugimendua dute. Poliespana eta egurra erabili du batez ere lan horiek egiteko, birziklatutako materiala beti.
Garajeko tailerrean orduak eta orduak igarotzen ditu. Gustura egoten da han.