Loreek kolorea eman diote feriari
Lore eta landareekin, udaberriari begira jarri da feria. Geranioa, diplademia eta tomatea iritsi dira lehenik.

Udaberri kolorea hartzen hasia da Ordiziako feria. Lore eskaintza aste gutxi barru iritsiko den urtaro horri begira jarria da, eta barazki landareak ere mugitzen hasi dira. Gaurko eguraldiak ere udaberri kutsua izan du, goizean hotz egin duen arren, eguzkiak erakutsi dituelako izpiak. Horiek lagunduta gustura asko ibili dira gaur bisitan hainbat bizkaitar. Batetik, Güeñes herriko Osotu Lanbarri Fundazioko ikasle talde bat ibili da feriako postuz postu, eta bestetik, Bilboko jubilatu talde handi bat ere bai.
Loreen eskaintzan geranioak nabarmendu behar dira. Iñaki Azanzak jarri ditu salgai aurten lehen aldiz. Geranio arruntak, eta kolore askotakoak zituen: gorriak, arrosak, salmon deiturikoak eta zuriak. Iazko prezio berean ditu aurten, hau da, 2,9 euroan. Lore horietarako oraindik goiz samar den arren, dezente saldu dituela esan behar da. Jendea, nonbait, negukoak atzean utzi eta loreak aldatzeko gogoz dago. Horretarako, diplademiak ere badituzte aukeran Azanzarenean, kolore askotakoak horiek ere, bakoitza 8,5 euroan.
Lehen tomate landareak
Baratzerako landareetan ere hasi da mugimendua, eta udaberriari begira iritsi den azkena, tomatea da. Ibarrako Iguategikoek jarri ditu gaur salgai, baina oraindik negutegirako direla ohartarazi dute, garaiz delako. Jack motako tomatea zen, eta landare bakoitza 0,70 euroan zuten.
Monteseko Patxi Izagirrek beranduago ekarriko dituela esan du. Izan ere, Montesen, eurak hazten dituzten landareak, haziak ereinda. Eta Izagirrek esan duenez, oraindik aste batzuk falta zaizkie etxeko landare horiei, saltzen hartzeko.
Tipulina eta arbia
Bestela, baratza oraindik geldi dago, eta erosleak ilarrak eta babak iristeko zain dauden bitartean, ezer gutxi iristen da baserritarren postuetara. Noizean behin, aldiz, izaten da berritasunen bat, gaur Zeraingo Iñaki Intxaustik aurkeztutakoa bezala, tipulina. Buru handirik gabeko tipulina zen, eta sortaka zituen salgai, 2,10 euroan.
Bidanai-Goiatzeko Natalia Magallanesek, aldiz, hosto eta guzti zituen arbi zuri zuriak eskaini ditu, sorta 2,5 euroan. Galizian asko jaten da arbia, batez ere hostoak, grelo izenarekin, eta hemen ere bada horietara zaletutako jendea ere.
Zuhaitzak txertatzeko erretxina
Negua eta udaberria bitartea, bestalde, zuhaitzak txertatzeko garaia da, eta lan horiek egiteko beharrezkoa den erretxina Ordiziako ferian erosi daiteke. Azken urteetan bezala, eta aitak erakutsitako errezetari jarraiki, Maite eta Arantxa Zurutuza ahizpek aurten ere egin dute, eta poteetan sartuta, salgai jarri dute. Bi tamainako poteak dituzte aukeran: handia, 11 euroan dute, eta txikia, 6,5 euroan.
Txertaketa lanak egiteko garaia ez ezik, zuhaitz landareak aldatzekoa ere bada orain, eta ferian bertan azken urteetan ez badago ere, Plaza Nagusitik gertu dagoen Sindikatoan aukera zabala dagoela esan behar da, fruta arbolena bereziki.
Erretirorako garaia
Ordiziako feria barazki, fruta, perretxiko eta gazta baino askoz ere gehiago da, eta arropa saltzen duten postuak ere izaten dira asteazkenero. Atzo, horietako batean agurrerako eguna izan zen, saltzaile batek erretiroa hartu duelako, Esteban Murillo Elgarrestak, hain zuzen.
Gizonezkoen arropa saltzen duen postua da Murillorena, eta bera, 18 urte zituenetik ibili da lanean feriaz feria, hasieran aita Miguelekin batera, eta azken urteetan Miguel Angel anaiarekin. Estebanek erretiroa hartu du, baina Miguel Angelek aurrera jarraituko du postuarekin.