Urrupek 'El 27' lan berria aurkeztuko du martxoaren 6an
Urtero bezala, Kimetzek Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzeko antolatutako emanaldia izango da. Sarrerak 6 euro balio du eta leihatilako ordutegian edo Internet bidez eros daitezke dagoeneko.

Ordiziako Urrup antzerki taldeak El 27 lan berria aurkeztuko du martxoaren 6an, 20:30ean, Ordiziako Herri Antzokian. Urtero bezala, Kimetzek Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzeko antolatutako emanaldia izango da. Sarrerak 6 euro balio du eta leihatilako ordutegian edo Internet bidez eros daitezke dagoeneko.
El 27 antzezlana, Ana Martinez Azconak idatzi eta Rosa Rojok zuzendutako komedia da. Rosa Rojoren zuzendaritzapean, Nekane Aramendi, Maribi Lopez, Nora Acosta, Miguel Angel Veliz Lillo, Ana Martinez, Gorka Lariz, Jose Luis Elorza, Marisol Cavero, Juan Manuel Pecharroman eta Urtzi Gorostiaga ariko dira. Julen Iraolak egingo ditu teknikari lanak eta antzezlaneko kartela Eukene Lekuonaren diseinua da beste behin ere.
Sinopsia
Urrupek aurretik jorratutako gaiak azpimarratzen ditu: hala nola, indarkeria matxista, sexu-aniztasuna, amatasun kontzientea, jeloskortasuna edo pornoa, baina oraingoan beste gizarte-kezka batzuk ere azaleratu nahi ditu: arrazakeria, adinkeria edo bakardadea.
“27. lineako autobus geltokian gaizki-ulertuz eta egoera zoro eta dibertigarriez osatutako komedia bat ikusiko dugu. Bertatik egunero pasatzen diren emakume eta gizonek batzuetan, elkar maitatzen dute, edo erasotu edo baztertu. Beste zenbaitetan, batzuek besteei gezurrak esaten dizkiete, baita lagundu ere. Laburbilduz, bizitzeko ahalegina egiten dute. Beraien tragedia gure komedia da. Inkomunikazioa da mikrokosmos horretan bizi diren izakiei gertatzen zaizkien endredoen atzean dagoena. Shakespearek zioenez, mundua eszenatoki bat bezalakoa da. 27aren zain egon besterik ez dago arrazoia zuela egiaztatzeko”.