Emakumeen eguneko bazkarirako txartelak dagoeneko salgai, Zegaman
Zegamako zaintzaren ibilbidea egingo dute, modu batera edo bestera zaintza egiten duten zegamar guztiei aitortza egiteko.

Martxoaren 8rako egitarau betea antolatu du Zegamako emakumeen taldeak. Iaz hasitako bideari jarraituz martxoaren 8an jai giroan egingo dituzte Emakumeen Nazioarteko Egunaren aldeko aldarriak.
Zegamako Emakumeen taldea sortu eta herrian aurrera eraman duten lehendabiziko lanketa garrantzitsua izan da herriko zaintzaren mapa osatzea, Farapi elkarteak herriko zaintzari buruz egindako lanketa batetik abiatuta. Mapa oinarri hartuta, zaintzaren ibilbidea osatu dute martxoaren 8rako, “herrian zaintza mota ezberdinak ematen diren lekuak identifikatu eta gero”.
Zegamarrei aitortza
Martxoaren 8an, Zegamako zaintzaren ibilbidea egingo dute 11:00etatik aurrera. Musikaz lagunduta osatuko dute bidea, herriko puntu ezberdinetan geldituta. Zaintza mota ezberdinetan diharduten zegamar guztiei aitortza egitea da ekimenaren helburu nagusia. 12:30ean elkarretaratzea egingo dute plazan eta 14:00etan bazkaria. Bazkalostean, Norabide Zegamako neska taldearen aurkezpen kontzertua izango da.
Bazkarirako txartelak salgai daude jada 15 euroan. Udaletxean eskuratu daitezke martxoaren 3ra arte.