Euskal Herriko inauterietako dantzak Ostadar taldearekin
Beasainen larunbatean ospatuko dute inauteri herrikoia. Urtero bezala, Euskal Herriko zenbait lekutako inauterietako dantzak egingo dituzte.

Beasainen larunbatean ospatuko dute inauteri herrikoia. Herriko kaleetan urteroko dantza-desfile herrikoia egingo dute parte hartzera animatu diren herritar eta dantzazaleek, Ostadar dantza taldearen ekimenez. Urtero bezala, Euskal Herriko zenbait lekutako inauterietako dantzak egingo dituzte.
Musikariez lagunduta aterako dira kalera dantzariak. Urtarriletik entseguak egin dituzte dantzariek, herritarrei parte hartzera animatuz. Halere, dantza kalejira irekia dela azpimarratu dute, eta entsegatu gabe ere, larunbatean bertan herritarrei dantzara ateratzeko deia egin die Ostadarrek.
10:30ean irtengo dira Oriamendi kalean duten lokaletik, eta kalerik kale ibiliko dira 13:30ak arte. Bideluze plazan amaituko dute kalejira ordu horretan. Eguraldi txarra egiten badu, Gernika Pasealekuko frontoian eta Loinazko San Martin plaza azpian izango da desfilea.
Erromeria arratsaldean
Egun osoko festa antolatu dute; goizekoaren ondoren, 19:00etatik aurrera, Elizagoien ahizpen erromeria izango da Loinazko San Martin plaza azpian.