Inauteri festa ilusio berrituarekin
Goierriko inauteriak duela 60-70 urte desagertu baziren ere, berpizteko ahaleginak egiten ari dira Lazkaon eta Ataunen. Bihar, kalejiran dantza, musika eta mozorroekin ospatuko dute festa herrikoia.

Erabat desagertu den ohitura bat izan zuen Goierrik duela 60-70 urte arte, inauteriak ospatzeko. Mozorroak deituriko pertsonaiak etxerik etxe eta kalez kale dantzan eta eskean ibiltzen ziren. Herri askotako ohitura zen, baina, denak ia aldi berean eten ziren, 1960 inguruan. Antzinako tradizio hura berpizteko lanean diraute Goierriko zenbait eragilek eta lan horren emaitza izango da biharko eguna Lazkaon eta Ataunen.
Leire Dorronsoro Oin Arin Dantza Taldeko kideak dio gaur arte euskal inauterien inguruan Lazkaon ezagututakoa ez dela «oso bizia» izan, gazteen ospakizunetik harago ez baitzegoen ekintzarik, ez desfile edo ekitaldi berezirik. Egoera hori ikusita, herriko bost eragilek tradizioari berriz heldu eta ohitura berriak finkatzeko pausoa ematea erabaki dute. Antzinako usadioak berreskuratzeaz gain, inauteriei bestelako dimentsio bat ematea dute helburu, garai bateko mozorroen kutsu berezia berreskuratu eta eguneratzeko. Elkarlan horri esker, ekitaldi eta erritu berriak antolatzen hasi dira herritarren artean, herriko identitateari eta kulturari eusteko asmoz.
Ataunen ere, Otsoak Dantza Taldea buru-belarri ari da lanean garai bateko inauteri tradizionala berreskuratzeko. Belaunaldi berriei iraganeko ohiturak ezagutaraztea eta herriari festarako beste ikuspegi bat eskaintzea da xedea, dantza, mozorro eta eskeen bidez komunitateari berriz ere bizitasuna emateko.
Iraganeko erronda festa
Erronda-festa egiten zuten inauterietan Lazkaon. Baina bazuen bereizgarri bat, inauteriek oro har oso berea dutena: isekarako, finkatutako arau sozialak puskatzeko eta aginteari trufa egiteko lizentzia zeukaten.
Mozorroak izenarekin ezagutzen zituzten. Sei edo zortzi lagunez osatutako taldeak elkartzen ziren, dantzari jantzita: praka eta alkandora zuriak; apreta zuriak xingola koloredunekin zeharkatuak; txapela eta gerriko gorriak; eta lepoan lotuta zapi loreduna. Beste bi pertsonaia tratulariren brusa beltzarekin eta kapelekin jantzita ibiltzen ziren, inguruan. Saskia eramateko ardura zeukan batek (zesteroa), eskean bildutako jakiak, opilak eta apurrak sartzeko, eta zahatozaina zen bestea (boteroa), ardoa ezinbesteko bide-laguna baitzuten. Hain zuzen, Lazkaomendin garai haietan erabiltzen zituzten esku gorriko irudia zuten galtza zuriak berreskuratuko dituzte bihar.
Iseka eta absurdo giroa areagotzeko, erratzak erabiltzen zituzten tresna gisa. Kaleetan zehar edo baserrien atarian, lurra garbitzeko imintzioak egiten zituzten, parodia giroan murgilduta. Maskuriek ere bazuten funtzio berezi bat: bidean topatutako guztiak, haur zein heldu, bizkarrean astintzen zituzten, inauterien izaera zirikatzailea eta umorezkoa nabarmenduz.

Lazkaoko mozorroak 1950. urtean, herriko plazan.
Dantzarako grina
Lazkaon, Ataunen eta inguruko herrietan, inauteriak festa eta tradizio bat baino gehiago ziren; herriko bizitzaren zati nagusia bihurtzen ziren otsail inguruan, eta horretan, musika eta dantzak izan ziren funtsezko osagaiak. Panderojoleak, konkretuki, ezinbestekoak ziren inauterietako eskeetan, festaren erritmoa ezari eta giroa sortzen baitzuten. Tradizio hau Lazkaomendiko mutil kuadrilla baten bidez zabaldu zen, eta baserriz baserri ibiltzen ziren, herriko kaleak dantzaz betez. Orotara, 200 bat baserri zeharkatzen zituzten. Zaldibian, Gaintzan eta Abaltzisketan ere mozorroen taldea alderik alde ibiltzen zen.
Inauteri osoa hartzen zuten, horretarako: igandean eta astelehenean egun osoan, eta asteartean goizez; tradizioaren arabera, azken egun horretan Bar Carmen zaharrean bazkaltzen zuten. Bertan, lagunartea eta elkartruke soziala uztartzen ziren, eta giro horrek herriko batasunaren eta komunitatearen indarra erakusten zuen, besteak beste. Arratsaldean, berriz, ohiko moduan, mezara joaten ziren udalbatzako agintariak, eta festa herriko plazan bukatzen zen, baserrietan bezala, dantza eginez. Dantza horiek, hein batean, ez ziren soilik errekorte edo festarako ariketa, kontrara, herriko identitatearen eta kohesioaren adierazle ziren.
Inauteriak, beraz, herriaren tradizioaren eta kulturaren oinarrizko zutabeak ziren. Panderojoleek eta mozorroek bizirik mantendu zuten festa hau, eta, horrela, elkarbizitza eta komunitatearen batasuna irudikatuta.

Ataungo Otsoak dantza taldeak kaleratu duen bideotik ateratako irudia.
Festa herrikoia
Bihar ere formatu berari eutsiko diote lazkaotarrek, eta arratsaldeko 17:30ean hasiko da herrian barrena egingo duten mozorroen ibilbidea. Plazaz plaza ibiliko dira, trikitilari eta panderojoleen eta herriko joaldunen erritmoari jarraituta. Areria kulturgunetik abiatuko dira, eta hainbat gune zeharkatuko dituzte: Txindoki egoitza, Eroskiko plaza, Lazkao Txiki zelaia eta Bika atzealdea, besteak beste. Ekitaldiaren amaiera herriko plazan izango da, non Oin Arin dantza taldeak emanaldi bat eskainiko duen. Ondoren, egunaren aurrelanketan eginiko entseguetan ikasitako dantza-jolasak parte-hartzaile guztiek elkarrekin dantzatuko dituzte, eta ospakizunari amaiera emateko, talo-jana egingo dute.
Ataunen ere antzeko egitarauari jarraituta, San Martingo plazan egingo dute hitzordua 17:30ean, eta auzoan zehar ibilbidea egingo dute. Aurten, gainera, garai bateko «trapu zaharrak» berreskuratzea izango da ekimenaren berezitasuna.
Ekitaldien helburua herri mailako ospakizun bat izatea da, eta inolako adin mugarik gabeko ekitaldia izatea nahi dute antolatzaileek. Azpimarratu dutenez, herritarren parte-hartzea funtsezkoa izan da antolaketan, eta adierazi dute Lazkaoko prestaketa lanetan «sekulako harrera eta hartu-emana» egon dela. Hain zuzen, Zagupe aisialdi taldea, San Benito Ikastola, Lazkao Txiki Musika Eskola eta Jotake Lazkaun Elkartea elkarlanean aritu dira, eta koordinazioa «erraza» izan dela nabarmendu dute.
Antolatzaileek arrakasta handiko eguna izatea espero dute bihar ere, eta aurreko urteetan bezala, musika, dantza eta herritarren parte-hartzea izango dira inauterien ardatz nagusiak.