Itsasoko emakume sortzaileak
Ixa Atienzaren lanak jarriko dituzte ikusgai Itsasoko Emakume Sortzaileen erakusketan. Martxoaren 8an bazkaria egingo dute Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko.

Emakume sortzaileen erakusketaren 3. edizioan, Ixa Atienza (Lazkao, 1964) margolariaren erakusketa irekiko dute bihar arratsaldean Itsasoko Ostatun. Martxoaren 8aren bueltan antolatzen dute ekimena Itsasoko emakume sortzaileen lana ezagutzera eman eta esperientziak partekatzeko. Lehendabiziko erakusketa izango da Atienzarentzat eta 12 margolan eramango ditu. Erakusketa martxoaren 9ra arte egongo da ikusgai eta martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira egingo duten bazkariaren ostean (17:00), bere sormen prozesuaren eta margolari ibilbidearen inguruko azalpenak emango dizkie bertaratutakoei.
Nahiz eta Lazkaon jaio eta bizi, Itsasorekin lotura estua du betidanik Atienzak: «Ama Itsasoko Oria baserrian jaio zen eta bertan bizi da amaren aldeko familia. Umea nintzenetik sarri etortzen naiz Itsasora», kontatu du. Erakusketa egiteko proposamena «harriduraz» jaso zuen, baina aitortu du «hunkituta» ere badagoela. Bere lehendabiziko erakusketa izango da, izan ere, nahiz eta bizi osoa daraman margotzen, beretzat margotu izan du beti. Lehendabizikoa Itsason izateak balio handia du beretzat eta «ilusio berezia» egiten diola esan du.
Umea zenetik du gustuko margotzea, «liburuetatik marrazkiak eta ilustrazioak kopiatzen nituen», oroitu du. Lanbidez irakaslea, margotzea afizio izan du beti. Autodidakta izan da, «gauzak probatzea gustuko dut, nire buruari erronka txikiak jartzea», dio. Behin erretiroa hartuta Bear-en —Beasaingo artezaleen elkartean— ari da iaztik margogintzan sakontzen.
Denetarik margotzen du loreak, Lazkaoko plaza eta inguruak… Pandemia garaian eliza erromaniko txikiak marrazten ere eman zuen bolada bat. Arkatza, errotulagailua eta akuarela margoekin marrazten du; orain pastelekin dabil lanean.
Elkartrukerako espazioa
Emakume sortzaileen erakusketa elkartrukerako eta esperientzia ezberdinak partekatzeko espazio bat izateko helburuarekin jaio zen, antolakuntza taldeko Pilare Muxikak esan duenez. «Emakume ezberdinen sormen ibilbidea partekatzeko, ideiak jasotzeko, inspiratzeko baliagarria da», dio. Emakumeak «ahalduntzeko» balio diete topaketa hauek «aurkikuntza bat ere bada askotan», gehitu du. Topaketa hauei esker euren artean harreman berriak eta «lotura sakonagoak» ere sortzen direla aipatu du.
Urtero bezala, martxoaren 8an bazkaria egingo dute Ostatun, Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Bazkarira joateko izena eman daiteke jada, Ostatun bertan edo 696061756 telefonora deituta.

Martxoaren 8ko ospakizuna iaz, Itsason. HITZA