Inauteri konpartsa berezia kaleratuko du igandean Sustraiak taldeak
Konpartsak 35 urte betetzen ditu aurten, eta edizio guzti horietan Legazpiko dantzariek herrira ekarritako dantzak eta pertsonaiak bildu dituzte igandeko saiorako.

Inauteri festatan murgilduta dago Legazpi. Doinua Musika eskolaren kalejirak eman zien hasiera jaiei, eta igandean amaituko dira, Sustraiak dantza taldearen herri konpartsarekin. Aurten 35 urte betetzen ditu konpartsa horrek, eta berezia izango da horregatik.
Konpartsak ibilbide luzea egin du, 1991ean lehen aldiz kaleratu zenetik. Ikastaroetan zebilen jendeari dantza egiteko aukera emateko antolatu zuen Sustraiak taldeak, Gipuzkoako inauteriak izan ziren lehenak. Ondoren, hainbat inauteri dantza eta pertsonai ekarri dituzte Legazpira, eta igandean, denak elkartuko dituzte konpartsa bakarrean, Trapalata txarangak lagunduta: Zazpi Jauziak, Hegi eta Ostalersak (Luzaide eta Behenafarroakoa), Gabota (Zuberoa), Lantzeko Zortzikoa (Lantz), Makil jokoak (Lapurdi-Zuberoa), Kontradantza (Lapurdi), Aitarena (Andoain eta Aduna) eta Fandango eta arin-arina (Euskal Herria).
Musikariak eta dantzariak elkartuta, 140 laguneko taldea ibiliko da egun osoan zehar kalean, Legazpiko inauterien ikur bihurtu den Lintx pertsonaiaren panpina gainean dutela.
Hauxe da egitaraua:
- 11:00: Konpartsa Laubiden elkartuko da. Bertan entsaioa.
- 12:00: Konpartsa Laubidetik irtengo da.
Ibilbidea: Hegialde (Laubide), San Inazio, Juanastegi, Bikuña Enea, Plazaola.
- 14:00: Bazkaria Aitxuri jatetxean.
- 17:30: Arratsaldeko saioa.
Ibilbidea: Gernika Plaza, Kale Zaharra (Karibe Zaharra parean), Kale Nagusia (Karibe Berri eta Gurrutxaga parean), Euskal Herria plaza.
- 19:00: Lintxen agurra, panpina erretzea eta inauterien amaiera, Euskal Herria plazan.