Martxoan Bertsoa txapelketako argazki barregarrienak
Aurtengo txapelketako lehen kanporaketa gaur jokatuko da, 22:30ean, Soraluze tabernan.

Gaur, 22:30ean, Martxoan Bertsoa txapelketako lehen kanporaketa jokatuko da Urretxuko Soraluze tabernan. Miletoko Fideua (Jon Mendizabal, Jon Gurrutxaga eta Jorge Andueza Pitu), Ziripoto (Arkaitz Aizpuru, Mikel Iturriotz eta Gorka Santesteban) eta Antzuolako AET (Jon Mata, Aritz Kortabarria eta Alazne Jauregi) taldeek abestuko dute. 23. txapelketa da dagoeneko. Urretxun eta Zumarragan antolatzen diren ekitaldien artean, beteranoenetakoa eta kuttunenetakoa. Klasiko bat. Belaunaldi ezberdinetako bertsolariek parte hartu dute. Batzuk hobeak, besteak kaxkarragoak, baina guztiek egin dute beraien ekarpena. Guztiek, umorearen eta gertutasunaren eskutik, bertsoak entzuteko ohitura ez duten herritarrak bertsolaritzara gerturatzea lortu dute. Ondo merezitako omenaldi gisa, horra hor urte hauetan guztietan ateratako bertso batzuk.