Gizarte Zentroko taberna zerbitzua kontratatuko du Legazpiko Udalak
Lizitazio berria urte beterako izango da, beste urte batez luzatzeko aukerarekin. Udalari 50 euro ordaindu beharko dio lizitatzaileak.

Gizarte Zentroko taberna eta jantoki zerbitzua esleitzeko prozedura jarri du martxan Legazpiko Udalak, otsailean aurreko kontratua amaitu eta gero . Hilean 50 euro eskatu ditu zerbitzua kudeatzeko, eta kontratu berriak urte beteko iraupena izango du, beste urte betez luzatzeko aukerarekin. Informazio guztia udalaren www.legazpi.eus webgunean dago.
Lizitatzaileak 50 euro ordaindu beharko dizkio udalari, eta elektrizitatea, gasa, ura eta berokuntza doan izango ditu. Gainera, zabor tasa ordaintzetik salbuetsita egongo da, eta instalazioen eguneroko garbiketa ere sartuta izango du, baita edukitzailearen eta edukiaren asegurua ere.
Guztiz hornitutako taberna eta sukaldea izango ditu. Menuak, gosariak, askariak eta pintxoak edonori zerbitzatzeko aukera du, eta udalak dioen bezala, “udalerriaren erdigunean egoteaz gain, eta jende asko biltzen da bertan, Osasun zentroaren, Kultur Etxearen, zinemaren eta Latxartegi parkearen ondoan baitago”. Horrez gain, Eguneko Zentroko erabiltzaileei eguneroko otordu zerbitzua ere eman behar zaienez, “diru sarrera finkoa” bermatuta du.
Gizarte Zentroa, irekita
Lizitazioa kudeatzen den bitartean, Gizarte Zentroa irekita egongo da, eta ohiko jarduerak eta zerbitzuak eskainiko ditu.
Nerea Lopez de Heredia Gizarte Zerbitzuetako zinegotziaren hitzetan, Gobernu Taldearen konpromisoa da taberna eta jatetxe haiek irekita mantentzea, Gizarte Zentroak “betiko indarrarekin jarraituko duela bermatzeko. Izan ere, Gizarte Zentroa pertsona desberdinen arteko elkargunea izaten jarraitzea nahi dugu”.